Edu Uribe 'The Spine Race' 431 kilometroko mendi lasterketan parte hartzen ari da Ingalaterran

Barren.eus 2016ko urt. 12a, 11:17

Ingalaterra erdian daudela-eta Ingalaterrako bizkarrezurra deitzen diete Penino mendiek osatzen duten mendilerroari. Pennine way izeneko bidea jarraituz, hegotik iparrera zeharkatzen ditu The Spin Race mendi lasterketak, munduko luzeenetarikoa (431 kilometro) eta gogorrenetarikoa. Joan den zapatuan hasi zen proban 100 lagunek hartu zuten irteera, tartean Edu Uribe elgoibartarrak. Ibilbideko ze puntutan dagoen jakiteko aukera eskaintzen du probako web guneak. 

Edu Uribek 2014an ere hartu zuen parte The Spine Race mendi lasterketan, Britainia Handiko ultratrail proba “basatiena” antolatzaileen berbetan. 280 kilometro eginak zituenean, proba bertan behera lagatzera behartu zuten antolakuntzakoek, eguraldi txarrak parte hartzaileen segurtasuna arriskuan jartzen zuela-eta (mendilasterketa.blogspot.com blogean irakur dezakezue Edu Uribek berak idatzitako kronika).

Aurten probaren bosgarren edizioa jokatzen dihardute, eta proba amaitzeko ahalegin betean dihardu Edu Uribek. Manchester hiritik 30 kilometrora dagoen Edale herrian hasi zen proba joan den zapatuan eta Eskoziako Kirk Yetholm herrian dago helmuga.

  • Parte hartzaileek soinean daramaten geolokalizatzaile bati esker uneoro jakin daiteke parte hartzaile bakoitza ibilbideko ze puntutan dagoen, http://live.thespinerace.com/ web gunean sartuta. *Edu Uribek 77. zenbakidun dortsala dauka. 

•Hotza, iluntasuna eta orientatzeko zailtasunak

Ibilbidearen luzera ez da proba honen zailtasun bakarra. “Hotza, elurra eta uneoro ozeano Atlantikotik sartzen den haize fina” aipatzen ditu Uribek. Zailtasunik handiena, baina, orientatzerako orduan dagoela uste du. “GPSa, mapak eta ipar-horratza manejatzen jakin behar da. Nahikoa da despiste nimiño bat lau orduko bide galtzea izateko. Eta ez da bakarrik galdutako denbora, noraezean ibiltzeak sortarazten duen tentsioa da okerrena. Honek asko nekatzen du, eta lehenengo egunetan jasangarria bada ere, indarrak agortzen doazen heinean, tentsioa handitzen doa. Guzti honi neguko iluntasuna gehitu behar zaio, Ingalaterrako gauak ia 16 ordukoak baitira urte sasoi honetan”. Edonola ere, Tor des Geants edo Ehunmilak ultratrailak “exigenteagoak” direla uste du Uribek, motzagoak izan arren desnibel handiagoak dituztelako. 

2016 01 12 edu uribe spine race 2014 selfie