Uda aurretik egingo dituzte Trenbide kaleko aparkalekua hobetzeko lanak

Barren.eus 2016ko urt. 13a, 12:27

Eusko Jaurlaritzak eta Elgoibarko Udalak 1,2 milioi euro bideratu dituzte Elgoibarren trenbide-sarearen integrazioa hobetzeko. Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik eta Elgoibarko alkate Ane Beitiak orain arte eginiko lanak ikusteko bisita egin dute. Era berean, Trenbide kalean dauden autoentzako aparkalekuak hobetzeko lanak aurki hasiko dituztela jakinarazi dute. (bideoa dauka)

Elgoibarren trenbide-sarea hobeto integratzeko eta hirigunearen eta Azkue-San Roke auzoaren arteko irisgarritasuna, ibilgailuena zein oinezkoena hobetzeko egin dituzten lanak bisitatu dituzte agintariek gaur goizean. Jaurlaritzak eta Udalak oraintsu sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasota daude lanok. Horien kostua 1,2 milioi eurokoa izango da; kopuru horretatik, 500.000 euro Eusko Jaurlaritzak jarri ditu. Horietatik, gauzatutako lanen %65 ordaindu da jadanik; hau da, 380.164 euro. Lanei egindako bisitan izan dira, halaber, Antonio Aiz sailburuordea; Azpiegituren zuzendaria, Almudena Ruiz de Angulo; eta Hirigintzako zinegotzia, Iosu Arraiz. 

Orain arte eginiko lanak

Erakundeen arteko lankidetza proiektu honi esker, hainbat eraikuntza-proiektu finantzatu dituzte. Horietako batzuk dagoeneko eginda daude; hala nola, Trenbide eta Juan Mugertza kaleen artean herritarrentzako bi igogailu jartzea (485.629 euro), Juan Mugertza kaleko baranda berritzea (64.457 euro), eta San Roke kaleko zubiaren irisgarritasuna hobetzea (86.463 euro). 

•Trenbide kaleko aparkalekuak

Bi lan falta dira egiteko. Batetik, Ubitarteburu eta Ubitartegain inguruen artean, Santa Anako babes ofizialeko etxeak dauden inguruan, oinezkoentzako pasabide bat egitea. 415.944 euroko aurrekontua izango du lan horrek. Agintariek adierazi dutenez, ez dago lanok hasteko datarik oraingoz, Ubitarteburun eta Ubitartegainen egin nahi dituzten etxebizitza promozioari lotutako egitasmoa baita. Eta, bestetik, Trenbide kalean dauden autoentzako aparkalekuak hobetzeko lanak. Lan horretarako aurrekontua 156.721 eurokoa izango da eta urteko lehen seihilekoan amaituko direla azaldu du Elgoibarko Udaleko Hirigintza zinegotzi Iosu Arraizek. "Udal aurrekontuak onartu ostean lanekin hastea da gure asmoa", esan du. Bi aukera aztertzen ari direla gaineratu du, aparkalekuak gaur egun dauden moduan lagatzea ala erdibitzaile bat jarri eta aparkalekuak erdibitzaile horren albo banatara egitea. Udalari dagokio proiektuak idaztea, lehiaketara ateratzea eta dagozkion lanak zuzentzea, bai eta ondoren mantentzea ere. 

Lotura duten albisteak:

2016 01 13 ana oregi trenbide obrei bisita

2016 01 13 ana oregi trenbide obrei bisita 1

2016 01 13 ana oregi trenbide obrei bisita2

2016 01 13 ana oregi trenbide obrei bisita4