Gurutze Gorriak Aita Agirre plazan duen lokalean ibiltzea ere zaila da horrenbeste arropa eta kaxa artean. 2-dean B-rotuz Elgoibar -Hotz-Elgoibar izena izan zuten lehenik- taldeko kideak prakak bete lan dabiltza jasotzen diharduten materiala behar bezala sailkatu, kaxetan gorde eta antolatzen. Bilketa astelehenean (urtarrilak 25) bukatuko zela iragarri bazuten ere, ez dutela material gegiago jasoko jakinarazi dute, leku faltagatik. “Izugarria izan da jendearen erantzuna. Elgoibar eta gehienez jota Mendaroraino helduko zela gure mezua uste genuen, baina gure mugak eta aurreikuspenak gainditu ditu deialdiak”, azaldu du Laura Daquinta taldekideak. “Bizkaiko zenbait herrietatik ere bidali nahi izan digute laguntza eta, jakin dugu Bruselaraino ere heldu dela gure mezua”, gaineratu du.
Kanpainak honako material hau jaso du: lo zakuak, mantak, kanping dendak, negu-neguko arropak, negu-neguko oinetakoak, toailak, euritako pontxoak, zirak, guardasolak eta haur txikiak garraiatzeko motxilak.
Oraindik ez dakite batutako material guztia nola, noiz eta nora bidaliko duten. Gabonetan Lesbos uhartean boluntario modura lanean izan ziren Koro Gabiola eta Iñaki Iraola taldekideek hartu-eman zuzena dute hango errefuxiatuekin eta baita hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundeekin ere. Errefuxiatuak dauden lekuaren arabera behar ezberdinak dituzte, eta baliteke Elgoibarren jaso duten materiala bananduta bidaltzea ere. “Serbian dauden errefuxiatuek, esaterako, kanping dendak behar dituzte eta Calais inguruan, Frantzian, daudenek beste behar batzuk dituzte”, azaldu du Daquintak. Jende mordoak eraman die materiala azken egunotan eta ilarak ere sortu dira batzuetan. Herritarren eskuzabaltasuna nabarmendu dute taldekideek. Jasotako materiala antolatzen ere makina bat boluntario ibili dira. Dena jasoko duen kamioiak handia beharko du izan.
![]() |
![]() |