Interes handia piztu dute ‘Bakea eta bizikidetza’ jardunaldiek

Barren.eus 2016ko urt. 28a, 15:03

Pentsaera politiko ezberdineko pertsona askoren interesa piztu dute aste honetan hasitako Bakea eta bizikidetza jardunaldiek. Atzo, esaterako, Edurne Brouarden eta Marixabel Lasaren mahai-inguruak (argazkian) Kultur Etxeko aretoa bete zuen. 

Elgoibarko Udalak bakean eta bizikidetzan sakontzeko antolatu ditu jardunaldiak. Gaur beste saio bat izango da, Clint Eastwood-ek zuzendutako Invictus filmaren emanaldia, hain justu ere. Elgoibarko Herriko Antzokian eskainiko dute, 21:30etik aurrera. Clint Eastwoodek 2009an zuzendu zuen film hau benetako gertakizunetan oinarrituta dago, Hegoafrikan 1995. urtean jokatu zen Munduko Errugbi Kopan, apartheid garaiak amaitu berri-berriak zirenean, Nelson Mandelak izandako papera kontatzen da. 

Jardunaldiak otsailaren 3an amaituko dira, Sabino Ormazabal indarkeria-ez aktiboaren bultzatzailearen Memoria partekatu baterantz hitzaldiarekin. Errenteriako esperientziaren berri emango du. Kultur Etxean izango da, 19:00etan. 

2016 01 27 bizikidetza jardunaldiak glencre jendea

2016 01 27 bizikidetza jardunaldiak glencre lasa brouard