Mendaroko santa eskean batutako dirua Bizi Poza txarangari emango diote

Barren.eus 2016ko ots. 2a, 11:18

Inauteriekin bat ez egiteko astebete aurreratu zuten Mendaron baserriz-baserri eta kalez kale santa eskean ibiltzeko eguna, eta joan den zapatuan irten ziren eskean. Mendaroko santa eskeko batzordeak jakinarazi duenez, 3.003, 80 euro batu zituzten eta Bizi Poza txarangari emango diote diru hori, 25. urteurreneko ekintzak antolatu ditzan. 

Ohi duten legez, hiru taldetan banatuta egin zuten santa eskea Mendaron. Sei bertsolariren eta hainbat trikitilariren laguntza izan zuten: Mañukorta eta Asier Lazarobaster “Agarre” Sahatsu Mendin, plazan eta Azpilgoetan, Iñaki Kortaberri eta Jon Larrañaga trikitilariekin aritu ziren kantuan; Aitzol Urain “Bidaburu” eta Beñat Ugartetxea bertsolariak Aran erreka auzoan barrena ibili ziren Igor Rey, Lean Esnaola, Amaia Sukia eta Iñigo Loiolarekin; eta, azkenik, Beñat Lizaso eta Iñigo Zubiaurre “Beitxi” Mendarozabalen, Idurre Arriola eta Maite Olazabalekin. Mendaroko baserrietan eta kaleetan kopla kantuan jardun ostean, Aizpe elkartean batu ziren guztiak bazkaritarako. 

Mendaroko santa eskeko batzordeak jakinarazi duenez, 3.003, 80 euro batu zituzten guztira. Diru hori Bizi Poza Txarangaren 25. urteurrena antolatzeko izango dela gaineratu dute eta baita txarangarako instrumentu berriak erosteko ere. “Aurten txarangak 25 urte betetzen dituenez, guztioi esker baturiko diruarekin, udaberrian ahalik eta egun ederrena antolatzen saiatuko gera”, esan dute.

Mendaron, orain dela 40 urte ibiltzen ziren kantuan, eta eten baten ondoren 27 urte dira berriz hasi zirela. 

•Argazki bilduma: