Martin Hernandez Beitiak bigarren urtez jarraian irabazi zuen Donostiako krosa; infantil mailan iaz eta kadeteetan aurten. Aurtengoa, baina, Euskadiko kros txapelketa ere bazen, eta honenbestez, bera da txapeldun berria. Kros denboraldi aparta burutzen ari da Mintxeta atletismo taldeko korrikalaria, aurreko domekan ere garaipena eskuratu baitzuen Elgoibarko Mugertza krosean. Donostian 12:05eko denboran osatu zuen ibilbidea, bigarren postuan sailkatu zen Miguel Abaituak baino hiru segundo gutxiago eta hirugarren egin zuen Florin Alexandruk baino bost segundo gutxiago. Mintxetako Iñaki Beasainek ere hartu zuen parte lasterketa berean eta 49. postuan sailkatu zen, 15:03ko denborarekin.
Mintxeta atletismo taldeko kide gehiagok ere hartu zuten parte proban. Senior mailako gizonezkoen kategorian, esaterako, 33. postuan sailkatu zen Iñaki Sagarna, 34:36ko denborarekin. Imane Merga etiopiarrak, 2011ko Munduko kros txapeldunak, irabazi du aurtengo Donostiako krosa (28:58). Jubenil mailako nesken lasterketan ere izan zen Mintxetako ordezkaririk. Maria Arrietak 23. postua eskuratu zuen, 14:13ko denbora eginda.
Lehiaz gainera, antolatzaileek omenaldi txiki bat eskaini zioten Fermin Arrese elgoibartarrari, krosa jokatu den 61 edizioetan beti alboan izan dutelako.
Kroseko unerik onenen bideo-laburpena: