“Txakurrak hanka-hutsik han ere” dio esaera zaharrak gauza txarrak edo okerrak leku guztietan gertatzen direla adierazteko. Oraingoan, baina, Elgoibarko txakurrek ez dute beste inongoen antzik izan, ez behintzat joan den zapatuan animalien eta pertsonen mozorro lehiaketan parte hartu zuten txakurrek.
Animalien babeserako Adogi elkarteak antolatu zuen ekimen berezia, inauterietako jai giroarekin bat egin, eta, bide batez, animaliak babesteko zer lan egiten diharduten ezagutarazteko. Lehiaketara ez zen animalia gehiegi aurkeztu, baina umore onean egin zuten desfilea mozorroa jantzita agertu ziren txakurrek eta txakur jabeek.
Antolatzaileak gustura gelditu dira ekimenarekin. "Horrelako zerbait antolatzen genuen lehen aldia izan da, eta zer hobetua badagoen arren gustura gaude. Aukeratu genuen eguna, esaterako, ez zen onena izan; egin zuen haize zakarragatik, eta inauteri eguna izan arren lehiaketara ere uste baino lagun gutxiago aurkeztu zirelako. Hala eta guztiz, jende dezente hurbildu zitzaigun egiten ari garen lanaren inguruko galderak egitera edo informazio eske".
Izan ere, lehiaketaz gainera, Adogik mahai informatiboa jarri zuen eta bigarren eskuko arropa zein bitxikeriak ere jarri zituzten salgai, kaletik jasotzen dituzten animaliekin lanean jarraitu ahal izateko dirua biltzeko. Umeek marrazkiak egiteko txokoa ere prestatu zuten.