Txalo konpainiak urtarrilaren 20an egin zuen Heroiak obraren aurkezpena, Bilboko Arriaga antzokian. Gerald Sybleyras idazle frantsesaren Le vent des peupliers antzezlanean oinarritutako lana da gaur Herriko Antzokian taularatuko dutena, 20:30etatik aurrera.
Begoña Bilbao Lejarzegi da obrako zuzendaria eta taula gainean eskarmentu handiko hiru aktore izango dira, antzezlaneko hiru protagonistei bizia emanez: Jose Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre.
Hiru pertsonaiak soldadu ohien egoitza batean bizi dira. Enrique herrena da, Gustavok agorafobia du eta Felipe maiz zorabiatzen da, buruan daukan metraila puska bat dela medio. Osasunez makal badaude ere, egoitzatik ihes egitea pentsatzen dute hiru heroiek; nora joan argi izan barik, ordea. “Indotxinara? Aldameneko herrira? Edo haizeak lizarrak inarrosten dituen tontorrera?”
Sarrerak Kutxabanken bidez erosteko aukera egongo da eta egunean bertan takilan ere jarriko dituzte salgai.
•Tomax pailazoak festa ekarriko du Elgoibarrera hurrengo domekan
Tomax eta Muxugorri pailazoek Festara eskainiko dute otsailaren 21ean (domeka) Herriko Antzokira (16:30). Beste modu batean esanda, jaiak ospatzera etorriko dira. Horregatik 4 urtetik gorakoentzako ikuskizun honetarako jai egitarau betea ekarriko digute: pregoia, txupinazoa, txaranga, entzierroa, Muxugorri magoa, buruhandiak, batukada, harrijasotzaileak, euskal dantzak, karaokea, txiste txarren lehiaketa, haur jolasak eta barrakak.