Elgoibarko EHBildu koalizioak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, une egokia da Udal Gobernuaren jardueraren gaineko balorazioa egiteko, udal berria osatu zenetik zazpi hilabete pasa direlako eta legealdi honetako lehen aurrekontuak aurkeztu berri dizkietelako. Alabaina, adierazi dute oraindik ez dakitela zeintzuk diren alkatetzaren asmoak legealdi honetarako, eta ildo berean, kritikatu dute aurreko legealdiko planaren exekuzio maila ez dela baloratu, eta aurtengoa egiteko ere ez dela “pauso bakar bat eman”.
Herritarren partaidetza arautzen duen ordenantza ere hizpide izan du EHBilduk. Alderdiko ordezkarien esanetan, aurreko legealdian herritarren partaidetza arautzen duen ordenantza onartu zen arren, udal kudeaketan ez dute aldaketarik ikusi. "Bi urte pasatu ondoren ordenantza kajoian gordeta segitzen du”, adierazi du koalizioak.
2016rako Udal Gobernuak aurkeztu dien aurrekontu proposamenari buruz duten iritzia ere adierazi du EHBilduk. Herritarrei bizkarra emanez egin dituztela salatu dute. “Elgoibartarrok udalaren asmoen berri ez dugu izan, are gutxiago iritzirik emateko edo ekarpenik egiteko aukerarik”. Aurrekontu proposamenetik ateratako datu bat ere nabarmendu dute: “Aurrekontuak igo dira, baina gizarte ekintzetara zuzendutako diru-laguntzak ez”. Era berean, langileen kontratazioa kanporatzeko joera “handitzen” ari dela ere salatu du EHBilduk.
•EHBilduren proposamenak
Udal aurrekontuak beste era batean egin daitezkeela defendatzen du EHBilduk, eta euren ustez kontuan hartu beharreko osagai eta irizpideak zein diren jakinarazi ditu. Besteak beste, auzokide, elkarte eta eragile sozialen parte hartzearekin egindako aurrekontuak proposatzen ditu. Udal kudeaketari dagokionez, kontratu publikoetan klausula sozialak txertatu behar direla uste dute. Alokairuzko etxebizitzen merkatua sustatzea eta gazteek etxebizitzak alokatzeko laguntzak izatea proposatzen du gizarte politikan. Bakea eta bizikidetzarekin lotutako proposamena ere egin dute, Elgoibarren gertatutako giza eskubideen urraketa guztiak argitalpen batean biltzea, alegia. Kultur arloan Aita Agirre kulturgunea ardatz izango duen kultura proiektu orokorra denon artean diseinatzea da EHBilduren beste proposamenetariko bat.
Azkenik, herritarrei ere eman nahi diete aukera udal aurrekontua osatzeko proposamenak egiteko. elgoibar@ehbildu.eus e-postan jasoko dituzte herritarren proposamenak.
∞Lotura duten albisteak: