Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK) duen zorretik 821.429 euro ordaindu beharko dituzte Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateko kide diren herriek, tartean Elgoibarrek. Elgoibarko Udalari 140.000 euroko gain kostua suposatuko dio.
Arcadio Benitez, Mankomunitateko presidenteak azaldu duenez, “aurreko legegintzaldian Hondakin Planean aurreikusitako azpiegiturak geldiarazteko hartutako erabakiak GHK-n eragin duen defizita dela-eta, % 20 igo behar izan da orain arte zaborren tratamendurako aplikatu den tarifa eta, horrekin batera, materia organikoaren gaikako bilketa bultzatzeko diru-laguntzak murriztu behar izan dira”.
Debabarrenako Manomunitatean eskaini duten prentsaurrekoan eman dituzten datuen arabera, tratamenduari dagokion tarifa tona bakoitzeko 144’26 eurokoa izatetik 173’11 eurokoa izatera pasatu da eta biohondakinak bultzatzeko saria, berriz, orohar aplikatzen zen %50etik %15-35era jaitsi da. Agerraldian esandakoari jarraituta, “Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen kasuan, eta tarifa berriak 2015ean bildu ziren hondakin kopuruari aplikatuta, ordaindu beharreko faktura 2.633.966 eurokoa izatetik 3.455.395 eurokoa izatera pasatu da. Gauzak horrela, 821.429 euroko alde horri aurre egiteko”, herritarrek ordaintzen duten zabor-tasa igo egingo dutela adierazi dute.
Benitezek zehaztu duenez, udalek ordainduko dute defizitaren erdia eta herritarrek beste erdia, zabor bilketaren tasaren bidez. Tasa hori %10 eta 15 bitartean igoko dute 2016ko bigarren hiruhilekotik aurrera. Izan ere, igoera aplikatzen hasi aurretik udal ordenantzak aldatu beharko dituztenez, igoera 2016ko bigarren hiruhilekotik aurrera aplikatzen hasiko direla aurreikusten dute.
Hartutako neurria “azken lau urteotan egin den kudeaketa desegokiari” egotzi diote Mankominitateko arduradunek: “Tratamenduari dagokion tarifaren igoera Zubietako Hondakinen Kudeaketa Zentruko obrak geldiarazi izanaren ondorioa da. Izan ere, esleipendunei kontratuari uko egiteko ordaindu beharreko kalte-ordainek eta erabili ez den kreditu baten interes-tasen aseguruen (“SWAP” direlakoen) ordainketak 40 milioi eurotik gorako defizita eragin diote GHK-ri”.
Egoera hori Partzuergoko arduradun berriek aginduta egin den kontu-auditoriaren bidez egiaztatuta geratu dela gaineratu dute: “Sozietatearen finantza-desoreka agerian geratu da. Besteak beste, azken hiru urteotan aurrekonturik ez duela aurkeztu kontuan izan behar dugu”.
Gipuzkoako hondakinen arazoa konpontzeko azpiegitura berriak behar direla azpimarratu dute: “Baina aurreko legegintzaldiko kudeaketa horren ondorioz sortutako gastuak direla eta, aurreikusitako inbertsiorik ez egitea eragin du eta, horren ondorioz, arazoak okerrera egin du”.
Mankomunitateko presidentearen berbetan, “zergaren igoera birziklatzeari lagatzeko aitzakia ez izatea espero dugu. Izan ere, zenbat eta biohondakin gehiago birziklatu, orduan eta txikiagoa izango da igoeraren eragina. Horregatik da horren garrantzitsua herritar guztiek parte hartzea”. (iturria: etakitto.eus)
Elgoibarko zaborra Cantabriako zabortegi batera hasi dira bidaltzen
Zaborren gaiarekin jarraituz, astelehenean hasi ziren Gipuzkoako zenbait lekutan jasotako zaborra Cantabriara bidaltzen, tartean Elgoibarkoa. Edukiontzi berdeetako zaborra eramango dute Cantabriako Meruelo herrira (Nojatik zazpi bat kilometrora). Edukiontzi berdean, batez ere hondakinak bereizten ez dituztenen zaborra egoten da, sailkatzen dutenen errefusarekin batera. Eramandako hondakinak hango zabortegian botako dituzte. Elgoibarko transferentzia gunean batutakoa hara eramango dute, argitaratako informazioen arabera. Elgoibarkoaz gain, San Marko eta Sasieta mankomunitateetako zaborrak ere bidaltzen hasiak Meruelora.
•Erraustegia egin bitartean
EAJren eta PSEren foru gobernuak aurreakordio bat sinatu zuen Kantabriako Erkidegoarekin eta, ondorioz, gutxienez 50.000 tona errefus eraman ahal izango dira urtean Merueloko zabortegira Gipuzkoatik. Jose Maria Asensio Ingurumen foru diputatuaren arabera, Zubietako errauste planta egin bitartean hartu beharreko neurria da. Elgoibarren jasotako zaborra Azpeitiko Lapatxeko zabortegira eramaten zen lehen. Debabarreneko Mankomunitateak argitara emandako datuen arabera, Elgoibarren 2,67 tona zabor jaso ziren 2015eko urtarriletik azarora, bereiztu gabekoak. Kopuru horretan edukiontzi berdean, kale garbiketan, industriaguneetan eta landagunean jasotako zaborra sartzen da. Batez beste, elgoibartar bakoitzeko bereiztu gabeko 232,5 kilo zabor bildu ziren epe horretan.