Idotorbeko bizilagunek auto bat, Kia Sorento bat, ikusi dute gaur goizean errekasto baten ondoan eta abixua eman diote larrialdi zerbitzuei. Udaltzainak eta suhiltzaileak hurbildu direnean, auto barruan hilda topatu dute gidaria, 67 urteko gizonezkoa, Elgoibarko Udaltzaingoak jakinarazi duenez.
Idotorbetik Aubixa artean dagoen errepidean gertatu da istripua. Errepidetik irten eta maldan behera erori da autoa. Zuhaitz baten aurka jo du lehenik, baina ez du autoa geldiarazi eta bidean oztopo gehiagorik gabe, pendiz handiko zelaian beheraino egin du, gurpilek zelaian lagatako arrastoek erakusten duten moduan. Zelaiaren behean dagoen errekastoak gelditu du autoaren inertzia.