Hego eta Ipar Euskal Herriko hainbat herritatik joandako dantzariek hartu zuten parte Beasaingo Usurbe antzokian jokatu zen Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketan. Besteak beste, Aduna, Asteasu, Oiartzun, Lezo, Zizurkil, Lizartza, Villabona, Legazpi, Altsasu, Azkoitia, Etxarri, Ibarra, Alkiza, Pasai Donibane, Ziordia, Hernani eta Baionako dantzariek. Elgoibartik ere ordezkaritza dotorea joan zen: Naroa Lopez, Irati Marcos, Oihane Agirrebeña, Maddi Zabala, Aimar Amortza, Markel Goenaga, Amaia Sasiain eta Gaizka Uranga.
Inazio Bereziartuako arduradunek jakinarazi dutenez, maila ona eman zuten dantzari elgoibartarrek eta gustura itzuli ziren Beasaindik. Arduradunen berbetan, ikasitakoa jendaurrean erakusteko aukera eskaintzen diete halako txapelketek.
Aurresku eta Soinu Zahar txapelketako ligaxkako hurrengo saioa Oiartzunen jokatuko da datorren asteburuan. Irune Arriola eta Nerea Sasiain izango dira Elgoibarko ordezkariak. Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatzen duen ligaxka maiatzean amaituko da.