"Desertuan bizi diren umeentzat funtsezkoa da udako beroaldi itogarriari ihes egin, gure artera etorri eta mediku azterketak egitea. Benetan garrantzitsua da eurentzat bi hilabetez ondo jan eta indartzea", azaldu dute Eibar-Sahara Elkarteko kideek. Umeak etxean hartzen dituzten familiek ere balio eta sentipen berriak ezagutuko dituztela gaineratu dute. "Elkarbizitza hau bi aldeentzat da aberasgarri, haurrek saharar errefuxiatu kanpamentuetatik oso ezberdinak diren gauzak ikasten dituztelako, eta guretzat herri xume honek dituen baloreak, kultura, egoera ezagutzeko".
Oporrak bakean programaren helburua 10 eta 12 urte bitarteko haurrak saharar errefuxiatu kanpamentuetatik ateratzea da eta bide batez desertuan udako bi hilabete horietan jasaten duten tenperatura altuetatik babestea.
Eibar-Sahara Elkartek dio programa hau aurrera eramateko behar den bakarra "elkartasuna" dela. Horregatik, herritarrak animatu nahi dituzte programan parte hartzera.
Interesatuek idatzi edurneu3@hotmail.com helbidera. Informazio osoagoa: oporrakbakean.jimdo.com