Bat-bateko saio didaktikoa 14:30etan hasiko da eta saio irekia izango dela jakinarazi du Elgoibar Ikastolak. Aurkezle lanetan Irati Agirreazaldegi elgoibartarra arituko da. Bertsotan arituko diren bi bertsolariak egungo Gipuzkoako eta Nafarroako txapeldunak direla nabarmendu dute antolatzaileek.
Beñat Gaztelumendi Arandia (Añorga, Gipuzkoa, 1987) bertsolaria eta kazetaria da. Txapelketetan beti ibili izan da txapeletik gertu. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketetan parte hartu zuen lehen bi aldietan txapeldunorde izatea lortu zuen, eta iaz, hirugarren saiakeran, txapela jantzi zuen, finalean Alaia Martinekin buruz buruko estua jokatu ondoren. Bestalde, Julio Soto Ezkurdia (Gorriti, Nafarroa, 1987) bertsolariak Nekazal ingeniaritza eta Euskal Filologia ikasi zituen, eta zutabegilea ere bada Berria egunkarian (Larrepetit). Sotok hiru bider irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa: 2010, 2011 eta 2015ean.
Bat-bateko saioa bukatutakoan hasiko da Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketari dagokion bosgarren kanporaketa. Parte-hartzaileak geletara joango dira eta, mailaka banatuta, bakoitzak dagokion lanari ekingo dio, txapelketa honetan idatzizko bertsoak aurkeztu behar dira-eta.