Duela bi urte estreinakoz egin zutenean baino jende gutxiagok parte hartu zuen bigarren Martxa Morean, baina ez ziren gutxi izan martxara batu ziren herritarrak. Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak antolatu du martxa, eta parte hartzaileek 1,3 kilometroko ibilbidea osatu zuten herriko kaleetan barrena.
•Martzela Osoro kalea Mendaron
Mendaroko kaleak, berriz, Martzela Osororen izenarekin agertu ziren martxoaren 8an. EH Bilduk kale izendegian andrazkoen izenak sartzeko beharra irudikatu zuen horrela. Gobernu taldeak Martzela Osorori kale baten izena emango diola aurreratu du. Horrez gain, herritarrek berdintasunaren aldeko giza katea ere osatu zuten Mendaron.
•Emakume musulmanak eta feminismoari buruzko hitzaldia
Asteon hamaika ekimen izan dira berdintasuna aldarrikatzeko: Indiako emakumeei buruzko argazki erakusketa, Sustrai taldearen akordeoi kontzertua, emakumeen bazkaria, Martxa Morea… eta ekintza gehiago ere antolatu dituzte datozen egunetarako. Biltzen elkarteko Maya Amranek emango duen hitzaldia da horietako bat. Eguenean, hilaren 10ean, izango da Kultur Etxeko sotoan. “Mujeres musulmanas, movimientos feministas. Un acercamiento al feminismo islamico” izenburua izango du. 19:00etan hasiko da Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak eta Emakumeen Kontseiluak antolatu duen hitzaldia.