Motxaila Eguna egingo dute asteburuan Mendaron

Barren.eus 2016ko mar. 10a, 11:28

Garai bateko sasikopotzu ohitura zaharrari lotutako Motxaila eguna, neguko azken zapatuan, ospatuko dute Mendaron Zerua motxailen aterpe lelopean. Aurten egun horretako jai giroa berotze aldera, bezperan, martxoaren 11n, bertso saioa izango da 22:30ean Sanagustinen. 

Andoni Egaña, Alaia Martin, Oihana Bartra eta Agin Rezola airtuko dira bertsotan eta Iñigo Zubiaurre gai jartzen. Sarrerak salgai daude Aitzbeltz tabernan eta Morroskillon 5 eurotan. Motxaila Eguna martxoaren 12an izango da 11:00etan Haitzbeltz kobazuloan hasita. Bilbotik antzerkilariak etorriko dira eta su-artistak Aragoitik eta ipuinik, bertsorik, irrintzirik eta poemarik ere ez da faltako.

Haitzbeltzen gosetzen direnek gaztetxean bazkaltzeko aukera izango dute. Menua tzatzikia, salmorejoa, motxaila-potajea eta motxaila-besoarekin osatuko dute. Aitzbeltz tabernan eta Morroskillon 10 eurotan jarriko dituzte salgai.

2016 02 23 motxaila asteburua espazioa

•Trikitia arratsalde eta gauean

Bazkalostean ere ez da jai girorik faltako. Izan ere, Debatik musika elektronikoa ekarriko dute eta Inozentzio clownak beste urteren batean egun horretan egin izan duen bezala aurten ere bere showa eskainiko du. Motxailen jaia egun osokoa izango denez, arratsaldean, 19:00etan Gaztetxean hasita, trikipoteo maratoia egingo dute Agosti eta Barrena trikitilariekin. Edanean, kantuan eta dantzan Mendaron jaia zabaltzea da antolatzaileen asmoa.Trikitia suarekin ordezkatuko dute iluntzean. San Joseko plazan Os Diaples D’a Uerba Aragoiko taldeak su ikuskizuna eskainiko baitu 21:00etan. Trikitilariek ez diote agurrik esango Mendarori. Izan ere, gauean trikimaratoiak jarraituko du Oharkabe taldearekin, bakoitzak nahi edo ahal duenera arte.