Hamargarren urteurreneko saio berezia prestatzen ari den La Sexta telebista kateko ekoizleak azaldutakoaren arabera, apirilaren 10ean emango dute saioa, oraindik ordua zehazteke dagoen arren. Espainiako hainbat herri aukeratu dituzte grabazioak egiteko, eta Euskal Herrian Elgoibar aukeratu dute. "Euskal Herriko leku esanguratsu bat behar genuen eta Interneten bila ari ginela Elgoibarko eta Leitzako plazak iruditu zitzaizkigun aproposenak gure asmoetarako. Elgoibarkoa aukeratu genuen azkenean. Harria, arkupeak, eliza... multzo oso polita osatzen dutela iruditu zitzaizkigun".
Eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, saiorako grabaketak egiten aritu ziren atzo. Plazaren erdian bi kontainer handi jarri zituzten, horien irudirik ez argitaratzeko eskatu duten arren. Zenbait herritarri elkarrizketak ere egin zizkieten. Izan ere, La Sextako zuzendari Mario Lopezek adierazi duenez, 2006tik gaur arte gizartea nola aldatu den irudikatu nahi dute, besteak beste, urteurreneko saio berezian.