Ainara Ladron eta beste lau gazte martxoaren 3an epaitu behar zituzten Donostiako Lurralde Auzitegian, orain dela bederatzi urte AP-8 autopistan trafikoa eteteagatik, Segiren ilegalizazioa salatzeko. Fiskaltzak bina urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du bost akusatuentzat.
Ainara Ladronek eta epaitu beharreko beste bik (Naroa Ariznabarreta eibartarrak eta Aritz Azkona arrietarrak) epaiketara ez agertzeko erabakia hartu zuten, eta Poliziak hirurak atxilotu zituen joan zen astean. Hirurak Martuteneko kartzelara bidali zituzten epaiketa martxoaren 18an Donostian egin arte.