Atzo arratsaldean bi saio egin zituzten, merkatariekin lehengoa eta ostalariekin bigarrena. Saio horietan praktika onei buruzko gida eman zieten bi sektore horietako profesionalei. Horrez gain, helburuei, hondakinak prebenitzeko praktikei, eta birziklatze egokiaren onurei buruzko informazioa eskaini zieten.
Udal arduradunek jakinarazi dutenez, herrian sortzen diren hondakinen %20-25 inguru sortzen dituzte komertzioek, eta honenbestez, hondakinen kudeaketari buruzko azterketa egitea beharrezkoa zela erabaki zuten. “Herriko birziklatze tasa handitze aldera, herriko merkatarien eta ostalarien ahotik jaso nahi izan genuen zein diren euren beharrak”. 180 elkarrizketa egin zizkieten aipaturiko sektoreetako profesionalei. Horren ostean, galdetegi bat ere bete zuten. Informazioa aztertu eta gero, emaitzak eta ondorio nagusiak aurkeztu dizkiete orain merkatariei eta ostalariei.
Ekintza plana ere aurkeztu dute, zortzi lerro estrategikoz eta hamazazpi ekintzaz osatua. Besteak beste, honako puntuak daude jasota ekintza planean:
- Frakzio organikoa egoki bereiz dezaten establezimenduei erraztasunak ematea.
- Papera eta kartoia era egokian biltzeko erraztasunak ematea establezimenduei.
- Ostalariek euren olioa era egokian biltzen dutela bermatzea.
- Ostalaritza zerbitzuetan ontzien bilketa handiagotzeko saiakera egitea.
- Pilak era egokian kudeatzen direla bermatzea.
- Gainontzeko hondakinak era egokian jasotzeko informazioa ematea.
- Prebentzioa sustatzeko establezimenduen eta erakundeen arteko elkarlana bultzatzea.
- Udal mailan hondakin mahaia sortu, hondakinei lotutako arazoak eta gaien azterketa egiteko.
Udalak jakinarazitakoaren arabera, hainbat ekintza martxan daude, eta ekintza horiek martxan jartzeak, dagoeneko birziklapen tasan "positiboki" eragin du.
- Zerbitzuen sektoreko hondakinen datuen azterketa eta heziketa pertsonalizatua. Emaitzen laburpena.-PDF-