Incognita Patagonia espedizioko kideek hasi dute itzulerako bidea

Barren.eus 2016ko api. 1a, 12:53

Eñaut Izagirre elgoibartarrak eta Incognita Patagonia espedizioko gainerako kideek amaitu dituzte inork zapaldu gabeko eremuetan egin asmo zituzten lan eta esplorazio gehienak, eta dagoeneko hasi dute etxerako bidea. Txileko Patagoniako Hoste Uharte ezezagunean egin dituzten esplorazio eta mugimenduen zertzelada batzuk eman ditu Izagirrek sarean. 

“Espedizioaren zati handi bat egina! Hasi dugu Darwin mendikatetik barrena eramango gaituen itzulerako bidea”, azaldu du Eñaut Izagirrek Patagoniatik. Martxoaren 2tik aurrera egin dituzten mugimenduen berri ematen ari da Izagirre, audio mezu, mapa eta argazkien bidez, fuga.expenews.com webgunean. Era guztietako espedizioei zuzeneko jarraipena egiteko aukera eskaintzen du webgune espezializatu honek. Gaur, apirilak 1, idatzitako azken mezuan dagoeneko Darwin mendikatean daudela jakinarazi du esploratzaile elgoibartarrak. Itzulerako bidea hasita badute ere mendilerro horretan ere egingo dituzte esplorazio gehiago. 

2016 03 31 incognita patagonia enaut