Sailkapenari erreparatuz gero, Lezoko dantzariak nabarmendu dira, puntu gehien eskuratu dituzte-eta zapatuko zein domekako dantza saioetako puntuazioak batuz gero. Dantzari elgoibartarrek ere maila ona eman dute. Domekan dantza egin zuten 11 eta 15 urte artekoen kategorian bigarren postua eskuratu zuen Nerea Sasiainek eta bosgarren egin zuen Gaizka Urangak. Edonola ere, sailkapenak baino gehiago beste balore batzuek lehenesten dituzte Inazio Bereziartuako dantza arduradunek. “Dantzan eginez disfrutatzea, euren maila hobetzeko ahalegina egitea eta lagun berriak egiteko aukera izatea da era honetako txapelketek eskaintzen digutena”, azaldu dute. Oraingoan gainera, senide eta lagunen aurrean dantza egiteko aukera izan dutela nabarmendu dute. “Beste behin ere, dantzari gazte hauek eszenatoki gainean egiten duten lanari begira asteburu ederra pasa dugu. Urduritasunak eta tentsio uneak ere bizi izan dituzte, baina egunetik egunera hobeto eta askeago dantza egiten ikusteak ez dauka preziorik. Horrexek betetzen gaitu”.