Mendaroko Saint-Gerons txokolate dendako beharginek demaseko ezustekoa hartu zuten astelehen goizean denda irekitzera joan zirenean. Denda guztia hankaz gora, nahastuta, aurkitu zuten eta apalategi guztiak hutsik. Txokolate eta kakao guztia ostu dietela azaldu du Quique Saint-Geronsek eitb-ri eskainitako adierazpenetan. "Txokolate guztia eraman dute, dendan ez dute bonboi bakar bat ere laga. Egin ditugun lehen kalkuluen arabera, 350 txokolate tableta, katiluan hartzeko txokolatea egiteko beste 150 tableta, 50 kakao poltsa, trufak, bonboiak... ez dute ezer laga". Jeneroaz gainera, armairuetako kaxoiak ere ostu dituzte. "Museoko piezak dira dendan ditugun altzari asko, 18. mendekoak batzuek, eta duten balioaz gainera, balio sentimental handia dute gurea moduko tradizio handiko familia enpresa batentzat", esan du Quique Saint Geronsek. Era berean, dendarekin lotuta dagoen bizilekuan ere sartu direla lapurrak gaineratu du, eta hortik ere eraman dituztela hainbat gauza. Txokolate fabrikara ez ziren sartu.
Horrenbeste txokolate lapurtuta, jateko baino saltzeko asmoa izango dutela lapurrek uste du Saint Geronsek. Hori dela-eta, ohiko tokietatik kanpo, merkadillo edo ferietan saltzen ari direla ikusiz gero, ez erosteko eta Ertzaintzari abisua emateko eskatu dute txokolate egileek.
Mendaroko Landa jatetxean ere saiatu dira lapurreta egiten joan den asteburuan. Ateko sarraila apurtzen saiatu dira, baina ez dute lortu eta ezin izan dute barrura sartu.
Ikus honako bideoan Quique Saint Geronsek ETB2-ko Sin Ir Mas Lejos saioan eman dituen azalpenak.