Gizarte zerbitzuen sistemari buruzko hitzaldia

Barren.eus 2016ko api. 12a, 12:14

Bihar, eguaztena, gizarte zerbitzuei buruzko hitzaldia eskainiko du EDE fundazioko Jaime Garcia Morenok, Una mirada al sistema vasco de servicios sociales izenburupean. Hitzaldia Elgoibarko Gizarteratze mahaiak antolatu du eta 19:00etan hasiko da Kultur Etxeko Hitzaldi gelan.

Gizarte zerbitzuen euskal sistema zer den argitzen saiatuko da EDE Fundazioko Jaime Garcia. 2008ko abenduan onartutako Gizarte Zerbitzuen Legeaz jardun ondoren, egungo egoeraz eta etorkizun hurbilaz berba egingo du.

Gizarte zerbitzuek duten garrantziagatik, Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak dei egin die herritarrei hitzaldira hurbildu daitezen.

Bazterkeriaren kontra jarduteko, Elgoibarko hainbat erakundek eta taldek indarrak batu zituzten orain dela bi urte Gizarteratze mahaiaren inguruan. Mahai horren bueltan daude Sartu, Lanbide, Nagusilan, Kalamua Guraso Elkartea, Elgoibar Ikastolako Guraso Kontseilua, Elgoibarko Caritas, Pobreziaren Kontrako Plataforma, Stop Desahucios, Elgoibarko Gurutze Gorria, Elgoibarko Gazte Asanblada eta Elgoibarko Udala.

Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak toki mailako gizarte-bazterkeriari eta gizarteratzeari buruzko diagnostikoa aurkeztu zuen otsailean. Besteak beste, bazterkeriaren eragin handiena jasaten duten kolektiboak migratzaileak, emakumeak eta adinekoak direla ondorioztatu zuen.

‚ąěLotura duten albisteak:

2016 06 12 elgoibarko gizarteratze mahaia