Andoni Lubaki argazkilariak Siriako gerran ateratako argazkiekin erakusketa jarriko du Kultur Etxean

Barren.eus 2016ko api. 14a, 13:57

Andoni Lubakik munduko hainbat gatazka bizi izan ditu bertatik bertara (Sahara, Libia, Irak, Siria...) eta argazkietan islatu. Saharatik itzuli berri bada ere, oraingoan Siriako gerran ateratako argazkiak ikusteko aukera eskainiko du Elgoibarren Aleppo, beldurraren frontea erakusketan. Era berean, masterclass bat ere emango du zapatu goizean.

Andoni Lubaki: nazioarteko fotokazetaria eta ezkontza argazkilari urretxuarra (andonilubaki.com). Bi esparru kontrajarri diruditen arren, argazkilari hau bietan aritzen da. Argazki-kazetaritza gainera, batik bat gatazkan dauden herrialdeetan egiten du. Azken alor hortako argazkiak jarriko ditu ikusgai Elgoibarren, hain zuzen ere, Ongarrik antolatu duen erakusketa batean. 

•Gerraren beste ikuspegia

Aleppo hirian, Siriako gerra zibilaren alderik gordinena ezagutu duen tokian, bizi izan zen Andoni Lubaki eta hango egunerokotasuna harrapatu du bere argazki kamerarekin. Gerra eta gatazketako argazkiek erakusten diguten ikuspegi dramatikotik pixka bat aldendu eta alde humanoagoa erakusten dute Lubakiren argazkiek. Esaterako, argazkietan, beren herria defendatzeko armekin ageri da jendea eta une berean futboleko baloi bat ostikoz jotzen edo katu bat laztantzen, eta kontraste hori da irudietan islatu duena. Chris Hondros nazioarteko fotokazetaritza saria jaso zuen Lubakik Sirian egindako lanarengatik.

Erakusketaren inaugurazioa barixakuan, apirilaren 15ean izango da, 20:00etan, Kultur Etxeko erakusketa gelan eta autoreak hainbat azalpen emango ditu. Ondoren, astelehenetik zapatura egunero 18:30etik 20:30era bitartean egongo da irekita erakusketa apirilaren 30era arte.

Masterclassa

Bestalde, apirilaren 16 goizean Andoni Lubakik gatazka argazkilaritzari buruzko masterclass bat emango du 09:00etatik 14:00etara bitartean Kultur Etxeko Hitzaldi gelan. Gatazka argazkigintza zer den, kanpoko herrialdeetara joateko bidaiak eta bisak, gatazka eta gudaren arteko bereizketa, argazkilariak nola lan egiten duen, zein material behar duen (teleobjektiboa, objektibo motza...), epe labur eta luzerako lana den, etika, argitaratzeko bide berriak eta ondorioak azalduko ditu. Besteak beste, gatazkak aurpegi asko dauzkalako, eta sufrimendu asko egon arren ez direlako beti hondamendia edo hildakoak atera behar. Argazkilariei edo argazkigintzan interesa dutenei zuzendutakoa da masterclassa. Doakoa bada ere izena emateko edo informazioa jasotzeko 688 649 513 zenbakira deitu edo ongarri@outlook.com helbidera idatzi behar da. Norbaitek bere argazkiak eraman nahi baditu eraman ahal izango ditu, baina ez da derrigorrezkoa Andoni Lubakik berak lan historiko nabarmenak erakutsiko dituelako errepaso bat eginez eta Ongarrikoek ere eramango dituztelako.

2016 04 14 andoni lubaki katua