Astelehenean, lanak hastean, funtzionamendua orain arte bezalakoa izango da goizean, trafikoa gutxitu artean. Gero, 10:00etatik aurrera, erdiko bidea moztuko dute, eta biribilgune itxi baten erara funtzionatuko du.
Iosu Arraiz hirigintza zinegotziak jakinarazi du erreiak estutu egin beharko dituztela horretarako. Errei bakarra lagako dute errotondara sartzeko. Arraizen arabera, "ez da aurreikusten trafikoan eragin aipagarririk".
Lanen iraupena sei astekoa izango da. Bitarte horretan, Pulimentos Paco aurreko semaforoa ez da anulatuko, lanak amaitu bitartean oinezkoak handik pasa daitezen.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak eguaztenean argitaratu zuen biribilguneko lanen kontratuaren formalizazioa. Campezo Obras y Servicios SAri esleitu dizkiote lanak. Esleipenaren zenbatekoa 106.652,42 eurokoa da (gehi %21eko BEZari dagozkion 22.397,01 euro).
∞Lotura duten albisteak:
- Zatitutako biribilgunea kendu eta osoa jarriko dute Maalan (2016-03-03)
- Amaitu dituzte Txankakoako errotondako lanak (2014-03-19)