Eudelek Elgoibarren egingo duen batzarrean berrituko ditu gobernu organoak

Barren.eus 2016ko api. 16a, 13:58

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko udalak biltzen dituen Eudel elkarteak karguak berritzeko prozesuari ekingo dio Maiatzaren 16an Elgoibarren egingo duen bilkuran.

Eudelek estatutu berriak onartu zituen, barixakuan (apirilak 15), Gasteizen egin zuten batzar orokorrean, hain justu, Tokiko Erakundeen Legea indarrean jarri zen egunean. Maiatzaren 16an ekingo dio karguak berritzeko prozesuari, Elgoibarren egingo den bilkuran. Eudelek aurrez ere egin ditu bilkurak Elgoibarren, azkena 2015eko martxoan Herriko Antzokian egin zuten urteko Batzar Nagusia.
Maiatzean Elgoibarren egingo duten bilkuraren harira, alderdi desberdinetako ordezkariek estatutu berriek ekarriko dituzten aldaketen garrantzia azpimarratu dute, baita EH Bilduk gobernu organoetan parte hartzeko hartu duen erabakia ere.
Imanol Landa Eudeleko presidenteak elkartearen "aniztasuna areagotu" izana nabarmendu du, eta balioa eman dio estatutuen aldaketak lortu duen babes zabalari. Landak adostasun zabala nahiko luke indarrean jarri den Tokiko Erakundeen Legearen garapen eta interpretaziorako ere, eta horretara deitu ditu alderdi politikoak. (iturria: berria.eus)