Goizean, Eskolarteko Txapelketako bapateko finala jokatu zen Eibarko Coliseon, publikoan 250 entzule zirela. Saioaren ondoren, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako idatzizko sariak banatu zituzten eta bi elgoibartar izan dira saridunak aurten: June Arregi eta Nahia Carrillo.
Elgoibarko ikastolan idatzi zituzten bertsoak horretarako propio prestatutako arratsalde bateko saioan. Ordubete izan zuten bertsoa idazteko eta LH 3 eta 4. mailakoek honako gaia izan zuten: Bidegorria jarraituz herriari itzuli osoa eman diozu oinez.
June Arregi izan zen Gipuzkoako txapelduna bere mailan eta Ane Labaka bertsolariak jarri zion txapela, eta taula gainean aipamena lortu zuen Nahia Carrillo ere izan zen gainontzeko sarituekin batera.
Hau da June Arregiren bertsoa, Orioko balearen doinuan abestu zuena.
Ibiltzea guk denok
gustuko dugunez,
ondo pasatuaz gain,
osasuntsu denez,
batzuk bizikletan ta
beste batzuk oinez,
nahigabe herriari
buelta bat emanez.
Hona hemen Lutxi Arregik sari banaketa ekitaldian hartutako irudiekin eginiko bideoa: