Aranzadi Zientzia Elkarteak pertsona baten gorpuzkinak atera zituen, joan den martxoaren 5ean, Zelaietaburun (Etxebarria), baina egin zuen eguraldi makurraren ondorioz amaitu gabe laga zituzten deshobiratze lanak. Beste bi gudariren gorpuzkinak ere topatu dituzte lehenaren ondoan, eta atzo atera zituzten. Aurrekoan bezala, Aranzadi zientzia-elkarteko teknikari talde batek egin zituen atzo ere, gorpuzkinak ateratzeko lanak. Haiei laguntzen egon ziren, era berean, ikerketa sustatu duen Ahaztuen Oroimena. Markinaldeko Frentea 1936elkarteko kideak.
“Zientzilariek buruzgora aurkitu zituzten bi gorpuzkiak, nahiko egoera txarrean, deseginda, eta beraz, itxura batean oso gaitza izango da nortzuk diren jakitea”, adierazi dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek. Hala ere, gorpuzkiak Aranzadikoen esku geratu dira azterketak egin ahal izateko. Gorpuzkien ondoan hortz eskuilak, gerrikoen belarriak, urrezko hortzak, txanpon bat eta hortz protesi bat ere aurkitu dituzte.
•Elgoibartarren testigantzak
Testigantzen bidez ailegatu dira historiazale, ikerlari eta zientzialariak kokapen horretara. Ahaztuen Oroimena elkartekoek esandakoaren arabera, Elgoibarko Soarte baserriko Pilar eta Jose Mari San Martin neba-arrebak jolasean ibiltzen ziren umetan inguru horietan, eta aitarekin Kalamua aldera joaten zirenean aitak esaten ziena gogoan gorde dute. Ignazio eta Santi Retolazari ere, aitak kontatu zien istorioa. Ignaziori kontatu zion behin aitak, Mariano Retolaza Larreategik, Iruiturritk behera zetozela, “han harkaitz haietan hiru hildako ikusi nituen”. Ahaztuen Oroimenakoei kontatutakoaren arabera, “Mariano Retolaza argiketaria zen. Berak lan egiten zuen fabrikak argia banatzen zuen eta kableak konpontzen ibiltzen zen. Handik hurre dagoen Belaustegin zegoela, hiru hildako zeudela enteratu eta kableak jarri behar zituen aitzakiarekin ikustera joan zen, ezagunen bat zen jakin nahian, bere anaia ere falta zen eta. Horrela, hiru gizon ikusi zituen lurrean, oraindik lurperatzeko”. Bi testigantzak lotuz aurkitu zuten gudariak lurperatuta zeuden gunea.
•Omenaldia
Gorpuzkiak hobitik ateratzeagaz gainera, omenaldi bat ere egin zitzaien inguru hartan borrokan aritu ziren gudari eta borrokalari antifrankista guztiei. Lora eskaintza bat eta azken agurra dantzatu zituzten, euren omenez. Ekitaldian egon ziren Pilar San Martin (aulkian) eta Santi Retolaza, bere familiekin. Aranzadi eta Ahaztuen Oroimena elkarteko kideez gain, ehorzketa-lanak egin dituzten lekuan egon ziren Jesus Iriondo Etxebarriko alkatea, Ane Beitia Elgoibarko alkatea, Monica Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen zuzendaria eta Elgoibarko Udaleko eta Elgoibar 1936 elkarteko ordezkariak.
•Informazio panela eta bizita gidatua
Ahaztuen Oroimena elkarteak ezagutzera eman duenez, Zelaietaburu eta inguruetan gertatutako borrokei buruzko informazioa eta kokalekuak ezagutzera emango dituen informazio panel bat jarriko dute, eta bestalde, Kalamura bisita gidatu bat ere antolatuko du taldeak, 36ko gerrako interesguneak ezagutu ahal izateko. Horrez gain, informazio gehiago jasotzen eta kokatzen jarraituko dutela nabarmendu dute.
- Informazio osoagoa: ahaztuenoroimena.com
- Argazkiak: Argazkia: Ahaztuen Oroimena eta Gotzon Almaraz (argazki gehiago).