Mendaroko txokolate fabrikan lapurreta izan zen joan zen apirilaren 11n. 500 txokolate tableta, txokolate hautsa eta hainbat bonboi kaxa ostu zituzten baita Saint Girons familiarentzat balio sentimental handia zuten dekorazioko piezak, antigoalekoak gehienak. Guztira, 7.000 euroko balioa zuten gauzak eraman zituzten. Dendatik familiako etxebizitzara sartu eta han dirua, bitxiak, ordenagailuak eta jabeen beste hainbat gauza lapurtu zituzten han.
Atzo, Mendaron bertan, bi gizonezko atxilotu zituzten lapurretekin zerikusia zutelakoan. Orain ikertzen ari dira beraiek ote diren benetako lapurrak, izan ere, biek ala biek delitu-aurrekariek dituzte Debabarreneko hainbat dendatan egindako beste lapurretan batzuetan.
•Bi urtean ikertzen
Ertzaintza bi urtez aritu da Debabarreneko denda, taberna eta jatetxeetako lapurretak direla-eta ikerketak egiten. Lortutako pistek delituzko ekintzak egiteagatik susmagarri ziren bi gizonezkoren atzetik joateko bidea ireki zien. Pisten arabera biak elkarrekin aritzen ziren eta furgoneta batean mugitzen ziren batetik bestera. Otsailetik ikertzaileek gizonezko horiek eta furgoneta Mendaroko eta Elgoibarko tabernetan lapurretak izan direnean inguruan sumatu dituzte. Gainera, lapurreta testuinguruetan susmagarrietako bat 20 aldiz inputatu eta atxilotu du Ertzaintzak.
•Lapurtutako materiala Mendaroko etxe huts batean
Jazarpenak eta herritarren kolaborazioak ere txokolate fabrika inguruan kokatu zituen lapurreta egunean bi gizonezkoak. Lapurtutako material guztia furgoneta batean sartu eta ihes egin zuten handik. Pistei jarraituz Eibarko ertzain-etxeko ikerketa taldea ustez lapurtutako materiala gordetako tokira –Mendaroko etxebizitza huts bat– iritsi zen. Etxe horretan zeuden lapurtutako gisa salatutako hainbat gauza aurkitu zituzten eta beste hainbat gauza –kaxa hutsak eta txokolate fabrikako zenbait gauza– etxetik gertuko edukiontzi batean. Gainera, sumatu zuten hainbat jende etxe hartara gerturatzen zela ustez lapurtutako merkantziaren bila, poltsetan atera eta autoetan sartzeko.
•Atxiloketak Mendaron eta Deban
Ustezko lapurretako bat, 44 urteko gizonezkoa, atzo, asteazkena, arratsaldeko lehen orduetan atxilotu zuten Mendaron eta bigarrena, 24 urtekoa, gizonezkoa hau ere, bi ordu beranduago Deban. Ertzaintza oraindik ikertzen ari da eta hainbat eraikin miatzen, gainera, bi hauek Debabarreneko lapurretekin zerikusia duten ere aztertzen dihardute. Diligentziak amaitutakoan atxilotuak Eibarko guardiako epaitegiaren esku utziko dituzte.
∞Lotura duten albisteak: