Lehen Hezkuntzako ikasleek eta nagusiagoek aurreko asteburuan izan zuten herriko kaleetan antxitxika ibiltzeko aukera, 2016ko Jose Gurrutxaga krosean. Haur Hezkuntzakoek, berriz, domekan (apirilak 24) izan zuten euren aukera, Elgoibarko Izarrako Atxutxiamaika aisialdi taldeak antolatutako Atxutxiantxitxika proban. Bi eta bost urteko ia 100 ume batu ziren Kalegoen plazan. Korrika hasi aurretik giharrak berotu zituzten lehenik, Atxutxiamaikako hezitzaileen gidaritzapean. Saltaka egiteko buruko zinta egin zuten gero eta buruan jarri ostean prest zeuden lasterka egiteko. Plazatik abiatuta, San Bartolome eta Errosario kaleetan barrena egin zuten korrika, berriz plazan amaitzeko.