Elgoibarren etxebizitzaren inguruko diagnostiko “sakona” egiteko eskatu dio Jaikik Udalari

Barren.eus 2016ko api. 26a, 11:51

Elgoibarko Jaiki gazte taldeak Etxebizitza plazara! ekimena egin zuen joan den barixakuan eta zapatuan. Gazteok, herriko etxebizitzen egoera zein den aztertu eta proposamenak lantzeko asmoz, Kalegoen plaza hartu zuten. Hainbat datu bistaratzeaz gainera, bi eskakizun egin zizkioten Elgoibarko Udalari.

Barixaku arratsaldetik zapatu eguerdira arte Kalegoen plaza izan zen Jaiki gazte taldeko hainbat lagunen bizilekua, gaua ere bertan pasatu zuten-eta, udaletxeko arkupeetan jarri zituzten kanpin dendetan. 

Gazteok, emantzipatzeko dituzten zailtasunak bistarazi eta salatu nahi izan dituzte, Etxebizitza plazara! ekimenaren bidez

Etxebizitza bat eskuratzeko inguruan dauden aukeren berri eman zuten lehenik, Azpeitiko Bizi dinamika eta Gasteizeko Errekaleor Auzo Askekoa, hain justu ere; eta, ondoren, Elgoibarko egoera zein den ezagutarazi zuten. Jaikiko kideek zapatuan plazan eskaini zuten prentsaurrekoan jakinarazi zutenez, gaia lantzen hasi orduko diagnostiko eguneratu baten falta igarri zuten. Hori izan zuten lehen oztopoa. Alabaina, arazoaren larritasuna erakusten duten hainbat datu esanguratsu lortu dituztela nabarmendu zuten. “Elgoibarren 732 etxe huts egotearena da zifra esanguratsuenetariko bat. Hori horrela izanik, ulertezina da 2001etik hona 1000 etxe baino gehiago eraiki izana eta are ulertezinagoa HAPOak datozen urteetarako beste 1200 inguru sortzeko plana”. Alokairuari dagokionez, Jaikik gabezia handi bat sumatzen du Elgoibarren: “eskaintza baxua eta garestia” dela, alegia. “Arrazoi hauengatik guztiengatik nabarmenak dira gazteok gaur egun etxebizitza bat lortzeko ditugun zailtasunak eta horren ondorio da, gazteen emantzipaziorako bataz besteko adina 31 urtera heldu izana”. 

•Etxebizitza politika

Elgoibarko gazteek etxebizitza eskuratzeko dauzkaten zailtasunen aurrean, bi eskakizun egin dizkio Jaikik Elgoibarko Udalari. Batetik, Elgoibarren etxebizitzaren inguruko diagnostiko sakon bat egin dezala gaiaren lanketari abiapuntu egoki bat emateko. Eta, bestetik, herritarren beharretara egokituko den etxebizitza politika bat martxan jar dezala, “gai hau Udalaren ardura ere baden heinean”. 

Udalaz gainera, Jaikik herritarrak eta gazteak ere inplikatu nahi ditu arazo honi irtenbideak emateko ahaleginean. “Indarrak elkartu eta alternatibak eraikitzeko unea da”, adierazi zuten. “Beste etxebizitza eredu bat posible da, Elgoibarren bertan izan genuen Leruntxikiko okupazioaren esperientzia. Bide horretan, Jaikik, egoera hau aldatzeko baliagarriak izango diren egitasmoak babestu eta zilegitasuna onartuko die”.

Lotura duten albisteak:

*Argazkiak: Jaiki eta Ainhoa Mendibil.

etxebizitza plazara jaiki elgoibar mikro

etxebizitza plazara jaiki elgoibar pentsaurre

etxebizitza plazara jaiki elgoibar prentsaurre1

etxebizitza plazara amorante Elgoibar jaiki

etxebizitza plazara1

2016 04 23 etxebizitza plazara kanpinak

etxebizitza plazara Elgoibar

 etxebizitza plazara Elgoibar udaletxeko arkupea