Tanttaka konpainiak Kreditua komedia eskainiko du barixakuan Elgoibarko Herriko Antzokian. Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarra eta Joseba Apaolaza dira obrako bi antzezleak. Apaolazak banku sukurtsal bateko zuzendariaren rola jokatuko du, eta kreditu bat eskatuko dion bezeroa izango da Zuhaitz Gurrutxaga. Zuzendariak kreditua ukatu egingo dio bezeroari, eta hortik abiatuko da istorioa.
Gaiak serioa dirudien arren, komedia ukitua emango diote bi aktoreek elkarrizketa arin bezain biziekin. Gaur egungo gai bat lantzen denez, gainera, jende askori hurbilekoa izango zaio. Aitziber Garmendiak euskaratu du Galceranen testua, eta Fernando Bernues arduratu da obra zuzentzeaz. (Informazio osoagoa tanttaka.com)
Sarrerak eskuragarri daude kutxabank.es webgunean. Prezioa 10 eurokoa da eta ikasle edo gazte txarteldunentzat 7 eurokoa.
Emanaldia 20:30ean hasiko da.
Zuhaitz Gurrutxagak aurrez ere antzeztu izan du herrikideen aurrean. Confidencias de un futbolisto bakarrizketa eskaini zuen 2013an, futbola laga zuen urte berean, eta 2014ko San Anton Jaien barruan, Hiru izeneko antzezlean hartu zuen parte Txalo konpainiarekin.