Pertsonen zaintza, industria nahiz merkataritza-ostalaritzan euskaraz lan egiteko ikastaroak

Barren.eus 2016ko api. 27a, 11:43

Elgoibarko Udalak eta Banaiz Bagara elkarteak, Euskara Plus proiektuaren baitan, “pertsonen zaintza, industria eta merkataritza-ostalaritza” sektoreetan lan egiteko behar diren euskarazko komunikazio gaitasunak lortzeko ikastaro bat eskainiko du Elgoibarren, maiatzaren 23tik ekainaren 3ra. Ikastaro honetan, etorkinek eta lan aukerak hobetzeko zein lantokian aplikatzeko euskara landu nahi duen orok ere parte har dezake.

Ikastaro trinkoak

“Pertsonen zaintza, industria nahiz merkataritza-ostalaritza” arloetan jardun nahi dutenentzat edo jarduten dutenentzat dira ikastaroak, eta arlo horiekin lotura duten instalazioetan egiten dira, benetako tresnak erabiliz. 20 orduko ikastaro trinkoak dira. Kasu honetan ikastaro bakarra egingo da, izen-emate gehien dituen sektorekoa, alegia. 

euskara ikastaroak aiurri ElgoibarIkastaroak guztiz praktikoak izango dira, oinarrizko hiztegia landuko da, eta lan-munduko komunikazio egoeren simulazioak landuko dira; hartara, bezeroaren hizkuntzaren arabera atenditzen, jarrera positiboak azaltzen, lantalde bat antolatzen eta agindu errazak ulertzen ikasteko. Kontzientziazio lana ere egingo da, gaztelania ez ezik, euskara ere normaltasunez erabiltzeko.

Lan bilaketan eta lantokian ere euskarari garrantzia ematea da helburua, baita jatorri ezberdinetako pertsonen kasuan ere.

•Izen-ematea

Izen-ematea maiatzaren 2tik 13ra izango da, eta oraingoz, ikasle gehien biltzen dituen ikastaroa eskainiko da. Programari buruzko informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko, Udaleko Euskara Sailera jo behar da (Kalebarren plaza 3 Kultur Etxea, Telf.: 943 744 366). Ikastaroak dohainik izango dira. 

Informazio osoagoa Banaiz Bagara Elkartearen webgunean.

euskara plus kartela Elgoibar