Bilbo-Bourdeaux martxa zikloturistako parte hartzaileek Mendaron egingo dute hamaiketakoa

Barren.eus 2016ko api. 28a, 06:05

Bilbo eta Bourdele hiriak batuko ditu Bilbao-Bourdeaux martxa zikloturistak, hiru etapatan, maiatzaren 5etik 7ra. Lehen etapan Mendaron egingo dute geldialdia txirrindulariek, Mendaroko Goñati pilotalekuan hamaiketakoa egiteko.

Bilbao-Bordeaux 2016 nazioarteko martxa zikloturistako antolatzaileen arabera, kirola eta kultura uztartzen ditu proba honek. “445 kilometroko ibilbideak Akitania eta Euskadiko paisaia liluragarriak zeharkatuko ditu, Bilbo eta Bordeaux hiriak senidetuz”, azaldu dute. Donostia 2016ko Kultur Hiriburua dela ere ospatuko dute handik pasatzean. Erea berean, antolatzaileek 250 lagun inguruk parte hartzea espero dute.

Bilbotik hasiko da martxa maiatzaren 5ean eta, 147 kilometroko lehen etapa Donostian amaituko da (Ibilbidea: Bilbao-Amorebieta-Durango-Elorrio-Kanpazar-Bergara-Elgoibar-Deba-Zumaia-Zarautz-Orio-Igeldo-Donostia).

Elgoibartik pasa ostean, 12:30ak inguruan ailegatuko da txirrindularien tropela Mendaroraino. Likido eta solido hornidura izango dute zain Mendaroko Goñati pilotalekuan.

Informazio osoagoa http://bb2016.org/eu/