2015ean %39,66ko birziklapen tasa izan zen eskualdean. “Mankokunitateak 2016rako adostutako %60ko helburua ez dugu lortuko beraz”, adierazi du Debabarreneko EH Bilduk prentsaurrekoan. “Argi dago aldaketa esanguratsuak eman ezean ez dugula helburua beteko”, koalizioaren hitzetan. “Eman du eman beharrekoa 5. kontenedoreak eta sistema horrek ez ditu emaitzak hobetuko”.
Debabarreneko bizilagun bakoitzak 240 kilo errefus sortzen ditu; Debagoienean, berriz, 80. Bilketa sisteman aldaketak eta hobekuntzak planteatzea ezinbestekoa da EH Bilduren iritziz. Horrez gain, herritarrak kontzientziatzeko pausoak emateko eskatu diote Mankomunitateari. Proposamenaren aurkezpenean Sonia Garcia Mendaroko alkateak eta Jose Luis Ibarzabal Elgoibarko zinegotziak parte hartu zuten.
Bilketa sistema hobetzeko eta herritarrak kontzientziatzeko lan-talde bat eratzeko proposamena egin du EH Bilduk. Zinegotziek, teknikariek eta herritarrek parte hartuko lukete. “Guztion elkarlan eta partehartzearekin askoz ere emaitza hobeak lortuko genituzke”, uste du EH Bildu.
Bilketa sistema aldatzeaz gain, bizi ereduan ere aldaketak eman behar dira koalizioaren arabera. “Bizi-eredu zaharraren logikan inposatu nahi digute Gipuzkoan erraustegia”, azaldu du. Horrekin batera, 30 urterako “hipoteka” ekarriko duela iragarri du: “Zaborraren tasak igoera berri eta handiak izango ditu”. EAJ eta PSEri erraustegiarekin ez “tematzeko” eskatu die.
∞Lotura duten albisteak: