Gabaz taldeak aurreko asteburuan jokatu zuen igoera faseko estreinako partida Ipuruan, eta 21-28 irabazi zuten Haritza Eibar taldearen aurkako derbia. Domekan jokatuko du igoera ligaxkako bigarren partida, Pasaiako Donibane taldearen aurka, Olaizaga Kiroldegian, 11:30ean.
Igoera faseko lehen zatian, sei taldeek elkarren aurka jokatuko dute, partida bakarrera, eta lau talderik onenak pasako dira azken fasera. Hor, kanporaketak jokatuko dituzte; lehenak laugarrenaren aurka eta bigarrenak hirugarrenaren aurka. Kanporaketa irabazten duten bi taldeek lortuko dute Euskal Ligako 2. Nazional Mailara igotzea. Hortaz, domekan Donibaneri irabaziz gero, kanporaketakm jokatzeko aukera handiak izango lituzkete elgoibartarrek, eta hori dela-eta, domekan Olaizagara hurbiltzeko deia egin die Sanlok zaleei.
Edonola ere, ez da partida erraza izango. Pasaitarrek ere garaipena lortu zuten lehen jardunaldian eta Gipuzkoako 1. Lurraldeko Txapelketako liga erregularra lehen postuan amaitu zuten, 20 partida irabazita eta berdinketa eta porrot banarekin. Gabazek hirugarren postua eskuratu zuen (18 garaipen, berdinketa bat eta hiru porrot).
•Sanloko hamabi jokalari Gipuzkoako selekziora
Taldeka ez ezik, banaka ere maila handia erakusten ari dira Sanloko jokalariak eta Gipuzkoako eskubaloi selekioarekin jokatzeko deitu diete Sanloko hamabi jokalariri: Maria Balzategi, Amaia Rubio, June Loidi, Sarai Sanchez, Aitor Garcia, Alejandro Beraza (jubenilak), Nahia Legorburu, Nerea Lizarraga, Ane Kortaberria, Iñigo Elustondo, Kimetz Bergaretxe eta Jon Ortega (kadeteak).
Kadete eta jubenil mailako nesken Gipuzkoako selekzioak Ermuan jokatuko du selekzioen arteko txapelketa, zapatuan (apirilak 30), eta mutilen selekzioek, berriz, Urduliz eta Berangon jokatuko dute. (ikus partiden ordutegiak)