Kursaal Zentroak berak antolatzen dituen kontzertu eta ikuskizunak jende gehiagorengana iristeko asmoz, doaneko autobus zerbitzua eskainiko dute. Elgoibarko Udalaren lankidetza dela eta, Debabarreneko bizilagunek autobusez joateko aukera izango dute.
Autobusez zuzenean Kursaalera joateko lehen aukera maiatzaren 31n izango da, Tolosako (Frantzia) Kapitolioko Orkestra Nazionalak eta Donostiako orfeoiak eskainiko duten kontzertura.
Interesa dutenek www.sarrerak.kursaal.eus webgunean erosi beharko dituzte sarrerak. Behin sarrerak erosita, autobusez joateko tokia erreserbatu beharko dute Elgoibarko Kultur Etxean (943 742 158 eta kultura@elgoibar.eus)
Autobusa Antzuola eta Bergaratik abiatuko da eta Debabarreneko herritarrak King-Kongeko geralekuan hartuko dituzte 18:45ean. Kontzertuaren ostean, autobusak berriz ekarriko ditu entzuleak herrira.
•Deskontuak
Langabetuek eta 30 urtetik beherakoek sarrerak 3 eurotan erosi ahal izango dituzte. Horretarako ezinbestekoa izango da sarrera eta autobuseko eserlekua Elgoibarko Udalaren telefono zenbakira deituta erreserbatzea (943 742 158).
Kursaal Eskura proiektuak Urola Garaian eta Debagoienean jarri izan ditu autobusak. Herritarren harrera ona den heinean, zerbitzu horri eutsi ahal izango diotela adierazi du Iker Goikoetxea Kursaaleko zuzendari kudeatzaileak.