Zabor tasa %8 igoko du Elgoibarko Udalak bigarren seihilekoan

Barren.eus 2016ko mai. 2a, 10:57

Egueneko Udalbatzarrean adostu zuten EAJ eta PSE-EEren aldeko eta EH BIlduren aurkako botoekin 2016ko bigarren seihilekoan zabor bilketaren eta tratamenduaren tasak %8 igotzea.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak aurreko legealditik duen zorra handia dela azpimarratu zuen EAJk. Bittori Zabala zinegotziak esandakoaren arabera, "egoera ona ez zela hasieratik jakin arren, inork ez zuen uste zorra hain handia izango zenik". Gaineratu zuenez "aurreikusitako azpiegitura kontratuak ezeztatzeko kostuak, eraikuntza enpresei ordaindu beharreko kalteordainak… kudeaketa kostu errealari gehitu behar zitzaizkion. Ondorioz, 40 milioi eurotik gorako zorra sortu da azken lau urteotan".

Hori dela-eta Debabarreneko mankomunitateak aurreikusitakoa baino 140.241 euro (%12,79) gehiago kobratuko dizkio Elgoibarko Udalari. Udalak iazko urrian, GHKren kostu berria ezagutu aurretik, onartu zituen 2016an indarrean sartuko ziren ordenantza fiskalak eta hasieran zaborren tasaren hazkundea %3,2koa izango zen. Beraz, Udalak erabaki du kopuru horretatik berak 102.000 euro ordainduko dituela eta gainontzekoa herritarrei dagokie (38.000 euro).

Beraz, elgoibartarrek aurten 2015ean baino %8 gehiago ordainduko dute bigarren seihilekoan. Hau da, etxe bakoitzeko, batez beste, lehen seihilekoan baino 3,4 euro gehiago. Beti ere, kontuan hartuta bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenen eta ez dutenen artean ezberdintasuna dagoela tasetan.

EAJk azpimarratu du Udalak herritarrekin duen konpromisoa. "Elgoibarko Udala zorroztasun osoz ari da kudeatzen hondakinak jasotzea. Baliabide guztiak ari gara bideratzen elgoibartar guztien ongizatea bermatu eta bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin".

Lotura duten albisteak: