Korrikalariek egindako eskaerari kasu eginez, duela bi urte estreinatu zuten proba berreskuratzea erabaki zuten antolatzaileek, eta joan den barixaku gauean jokatu zen Buetraitzeko II. Igoera Bertikala, Aloñako Igoera jokatu bezperan.
•Iban Murua azkarrena
Gizonezkoen proban Lizarpe taldeko Iban Murua elgoibartarrak egin zuen igoerarik azkarrena, 25:09ko denborarekin. Minutu bat eta 26 segundoko aldea atera zion bigarren sailkatuari, Morkaiko taldeko Iñigo Lariz elgoibartarrari. Biek ondu zuten Lariz berak lehen edizioan ezarri zuen errekorra (ikus sailkapena). “Izugarrizko gaua egin zigun korrika egiteko eta asko gustatu zitzaidan karreria. Edozeini gomendatuko nioke”, esan du probako irabazle Iban Muruak. Antolatzaileen lana goraipatu du Muruak. “Bidea markatzeko egin zuten lana, su artifizialak, musika… probari ez zitzaion ezer falta. Ezta zintzarri hotsak ere, mendi lasterketa ospetsuenen antzera”.
Bigarren egin zuen arren, Iñigo Lariz gustura gelditu zen Arantzazun egin zuen lasterketarekin. “Orain bi urte egindako marka minutu eta erdian ondu naban eta hori zen nire helburua”. Larizek ere laudatu du antolatzaileen lana. “Lan bikaina egin dute. Izugarrizko giroa sortu zaben Arantzazun, eta eguraldia lagun, oso polita izen zen, beste behin ere, Buetraitzera gabez igotzea. Zorionak herriko bi txapeldunei, Ainhoari eta Ibani, izugarrizko markak lortu zituzten-eta batak zein bestiak”.
•Gaixotasunen aurkako erremediorik onena
Emakumezkoen proban lasterketa irabazteko faboritoa zen Aitziber Ibarbiari aurrea hartu zion Ainhoa Lendinezek, eta errekor berria ezarriz gainera. Lizarpe taldeko antxitxikariak 35 minutu eta 25 segundoan osatu zuen igoera, eta 30 segundoko aldea atera zion Ibarbiari amaieran. Lendinezek aitortu duenez, "kili-kolo" hasi zuen urtea, ziatikak jota eta anemiarekin. Apirila erdialdean argia ikusten hasi eta azken astea gripe modukoak jota egon bada ere, parte hartzera animatu zen azkenean. "Buruak bai esaten duenean gorputzak ere erantzuten du batzuetan eta hala gertatu zitzaidan ostiralean. Dortsala hartu nuenean ez neukan argi parte hartuko nuen, baina lagunen animoei esker atera nintzen", azaldu du. Ez du damurik hartutako erabakiaz. “Izugarri gozatu nuen, aste osoko muki, sukar eta minak izerditu nituen eta jendearen animoek sendatu ninduten. Buruko argiak, Aloñako deabrua, hamaika aldiz eskiekin igo dugun malda, haur, heldu eta zaharren animoak, eta mendia! Atzokoa ez dut erraz ahaztuko. Beherakoan zenbat gozatu nuen korrikalariak animatzen. Txapel honek sendatu egin nau, eta Aloñako lagunei eskaini nahi diet bihotzez!”.