Bosko Eguna literatura lehiaketara aurkeztutako lanekin liburu bat argitaratu du Institutuak

Barren.eus 2016ko mai. 3a, 10:50

Arreiturre Institutuko arduradunek jakinarazi dutenez, “Bosko Eguna” literatura lehiaketako sari banaketa egin zuten joan den astean, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira. Era berean, lehiaketara aurkeztutako lanekin liburu bat osatu dute aurten ere. 

Bosko Eguna literatura lehiaketako sariak banatu zituzten joan den apirilaren 28an eta 29an Arreiturre Institutuko arduradunek. Urtero antolatzen dute lehiaketa hau, Bosko Egunaren bueltan, ikastetxeko liburutegiak, Euskara, Gaztelania eta Atzerriko Hinzkuntza mintegiek. Euskara Mintegiko bi irakaslerekin batera ageri dira, hain justu ere, sarituetako bi goiko argazkian: Narrazioa atalean lehen saria irabazi zuen Irene Makazaga elgoibartarra eta bigarren saria jaso zuen Arkaitz Uranga mendaroarra. Olerkien atalean, berriz, Ander Arakistainen Hesia olerkiak irabazi zuen lehen saria Batxilergo mailakoen artean eta Kristina Fidalgoren Hodei beltz guzti hauen artean, nire eguzki zatia izeneko olerkia saritu zuten DBH mailan. Hona hemen olerki irabazleak.

•Batxilleratoak: Egilea: Ander Arakistain

HESIA

Galdu omen du bizia;

Non ote dago

gizakien eta munstroen arteko hesia?

Bai, sarritan bai,

etxeko ixiltasuna hausteko moduko eztabaida bizia

baina ez nuke sekula pentsatuko

inor izan zitekeenik halako piztia.

Sarritan zaindu nauzu amama

zeu izan zara momentu zailenetan

bidea erakutsi didan dama

zeuk eraman duzu bizkar-gainean

gainbera zetorren etxe honen zama

baina etxe azpian harrapatuta geratu naiz

esan didazunean,

aitak hil duela ama.

Benetan al daude bereizita

ongia eta gaizkia?

Ez al da guztizkoa

mundu honetako gizatasun gabezia?

Hala baldin bada

hona hemen nire egia

munstro batek hesia salto

eta eraman du nire amaren bizia.

 

•DBH: Egilea: Kristina Fidalgo

HODEI BELTZ GUZTI HAUEN ARTEAN,

NIRE EGUZKI ZATIA.

Kanpotik haundi

barrutik huts.

Bera joan da

eta ni huts.

Bera zen,

berak egiten ninduen haundi

eta bera gabe

ni txiki.

Berak ematen zizkidan,

hegan egiteko hegoak,

libre sentitzeko hegoak,

eta egun hartan, moztu zitzaizkidan.

Maite nuen,

maite ninduen,

elkar maite genuen,

biok, bat ginen.

Azken agurra,

azken musua,

nire amona, nire eguzkia…

betiko zaitut gogoan.