Elgoibarko hainbat auzo eta kaleetako argiztapen sistema publikoa aldatzen dihardu Elgoibarko Udalak, eta, aurrez erdiguneko hainbat tokitan, Sigman edo Altzolan egin zuten moduan, Led argiak jarriko dituzte orain San Roke, Arregitorre eta San Frantzisko kaleetako faroletan.
Elgoibarko kasko zaharreko argiztapena berritzeko proiektua jarri zuen abian Udaleko Hirigintza Sailak 2015ean, energia eraginkorrena eta errentagarriena sustatzeko asmoz. Proiektu horren baitan, LED teknologiadun argiak jarri zituzten Elgoibar erdigunan: Kalegoen plaza, Giza eskubideen parkea, bolatokia, frontoia, arkupeak, elizpea, Santa Anaren parte bat, San Bartolome eta Errosario kaleetan. Guztira 77 argi puntu jarri zituzten. Lehendik zeuden 66 argi puntutan argiteria zaharkitua kendu eta LED lanparak jarri zituzten. Leku batzuetako argi maila hobetzeko 11 argi puntu berri jarri zituzten, horiek ere LED teknologiadun argiekin. Egindako inbertsioa 33.000 eurokoa (BEZ kanpo) izan zela jakinarazi du Hirigintza zinegotzi Iosu Arraizek.
Argi berriekin kontsumoan aurreztea lortu dela azaldu du Arraizek. "Joan den urtearekin konparatuz (hiruhilabetekoa) lortutako batezbesteko energia kontsumo aurrezpena %32koa izan da, 8.000 KWh/urteko eta 5,2 tona CO2 ekidinez. Gainera, emaitza honek Iberdrolarekin dugun potentzia kontratatua %63 murriztea ahalbidetu du, 30 KW-tik 11 KW-ra. Ondorioz, instalazio horietako fakturaren aurrezpen ekonomikoa % 32koa izan da guztira".
Emaitzei erreparatuz eta ikusitako errentagarritasuna medio, urtez urte argiztapen berrikuntza proiektu desberdinak bultzatuko dituela jakinarazi du Elgoibarko Udalak, argiteria publikoko eraginkortasun energetikoaren 2015-2020 plan estrategikoari jarraituz.
Honenbestez, 2016an San Frantzisko, San Roke eta Arreiturreko argiteria publikoa berritzeko 46.030,63 euroko (bez gabe) inbertsioa egingo du Udalak. Aipatutako kale horietan 108 argi puntu aldatuko dituzteo. Udalak aurreikusitako energiaren aurrezpena %30 eta %40 bitartekoa da, "eta hare garrantzitsuagoa dena, CO2 emisioak ekidin eta argiteria uniforme eta seguruago bat lortuko da herriko kaleetan". Adjudikazio prozedura irekia izango da, eta eskaintzak aurkezteko epea maiatzaren 19an amaituko da.
Adituek diotenez, LED (Light Emitting Diode) argiek gutxi kontsumitu eta asko irauten dute. Gainera, ez du berorik sortzen, gastatzen duen energia gehiena argi bihurtzen baitu. Led argiei buruzko informazio osoagoa zientzia.eus webgunean.
∞Lotura duten albisteak:
- Herri erdiko kaleko argiztapen hobea eta merkeagoa nahi du Udalak (2008-02-14)
- San Frantzisko kalean 22 farola berri jarri ditu Udalak (2009-11-17)