Kalegoen plaza hartu dute gaur (maiatzak 5) lanbide heziketako asterako antolatutako ekintzek. 9:00etan hasita ibilgailu elektrikoen inguruko aurkezpena egin dute Mekako automozio ikasleek, eta herritarren ikusmina piztu dute plazara eraman dituzten auto, moto eta bizikleta elektrikoek (ikus argazkiak beherago). Barrutik ikusteko eta ibilgailuak probatzeko aukera ere eskaini dute. 12:00etatik 13:30era bitartean, berriz, herritarrei tentsioa hartu diete erizaintza ikasleek.
Barixakua, maiatzaren 6a, ate irekien eguna izango da Mekako bi eraikinetan, Meka Ezenarron eta Meka Albitzurin. Orain arteko ikasketei buruzko informazioaz gain, hurrengo ikasturtean abian jarriko duten Integrazio Soziala zikloaren berri ere emango dute. Ekintza horrekin amaituko da joan den astelehenean hasi zen lanbide heziketako astea.
•Hainbat ekintza aste guztian
Joan den astelehenean bideokurrikuluma nola egin erakutsiko zieten ikasle, ikasle ohi eta herritarrei Meka Ezenarron. Martitzenean, Mekako galdaragintzako ikasleek Albitzuri eraikinean zartaginak, lapikoak, aitzurrak... konpontzen aritu ziren. Haur Hezkuntzako irakasle ikasketak egiten ari diren ikasleek antzerkia eskaini zuten Haurreskolan eta Ikastolan; eta, Arreta teknikari ikastaldearekin kantuan eta jolasean aritu ziren San Lazaro Egoitzan eta Eguneko Zentruan.