Suak bi hektareako lursaila erre zuen Uparitzaga baserri ondoan

Barren.eus 2016ko mai. 5a, 15:29

Sallobente-Ermuaran bailaran dauden Uparitzaga baserrien ondoko lursail batean sastrakak erretzen ari zirela, suak kontrolpetik ihes egin zien atzo eguerdian eta suhiltzaileek etorri behar izan zuten sua itzaltzera.

Suak bi susto eragin ditu asteon Elgoibarren. Autopistako zubian lanean zebiltzala, txinparta bat San Roke kaleko sasi artera erori eta ke handia piztu zuen martitzenean.

Atzo eguerdian, berriz, Sallobente-Ermuaran bailarako lursail batean sortu zuen kezka suak. Sastrakak erretzerakoan, suak kontrolpetik ihes egin zien lagun batzuei, eta herritar baten abisua jaso ostean, Eibarko suhiltzaileei deitu zien Elgoibarko udaltzaingoak. Izan ere, egoera aztertzera joandako udaltzainek sua ondoko pinadietaraino edo gertu dagoen baserriraino ailegatzeko arriskua zegoela ikusi zuten. Eibarko suhiltzaileek bi orduko lanaren ostean lortu zuten sua itzaltzea. Suak bi hektarea, bi futbol zelai gutxi gorabehera, kiskali zituen. 

Hain zuzen, basoko suhiltzaileen nazioarteko eguna izan zen atzo, maiatzak 4. 

2016 05 05 sua azkarate kea