Enpresen arteko lasterketako ibilbidea Donostiako Alderdi Ederreko lorategietan hasi eta bukatzen da, hiriko hiru hondartzetatik pasa eta 8,5 kilometroko distantzia osatu eta gero. Aurten 472 taldek eman zuten izena, aurreko edizioan baino 100 talde gehiagok. Enpresa bereko lau kidek osatzen dute talde bakoitza. Inskribatutako taldeetatik 35 emakumezkoak ziren, 223 gizonezkoak eta 214 mistoak. Azkenean 457 taldek gurutzatu zuten helmuga marra. Robin taldea gailendu zen gizonezkoetan, Eroski emakumezkoetan eta IMQ talde mistoetan.
Eroskiren emakumezkoen taldean bi elgoibartarrek hartu zuten parte, Pilar eta Agurtzane Arriola ahizpek, hain justu ere. 38 minutu eta 22 segundoan osatu zuten ibilbidea, bigarren postuan sailkatu zen Asuncion klinikako taldeak baino 9 segundo gutxiago, alegia. Deustuko Unibertsitateko taldea sailkatu zen hirugarren.
Gizonezkoei dagokionez, Elgoibarko Shaeffler Iberia (31:47) enpresako taldea seigarren postuan sailkatu zen, irabazleengandik hiru minutu eta 15 segundora. Alcorta enpresako saltakariak ere aurreneko postuetan sailkatu ziren, 15. postuan, hain zuzen ere. Elgoibarko eta Mendaroko enpresetako taldeez gainera, asko izan ziren beste herri batzuetako enpresak ordezkatuz korrika egin zuten mendaroarrak zein elgoibartarrak. (ikus sailkapenak)