Saratik Larrun mendira igotzen den kremailera trenak 35 minutu behar ditu behetik gorako bidea egiteko, eta horixe da mendi lasterkariek Defí De La Rhune kilometro bertikalean gainditu behar duten desafioa, igoea trenak behar duena baino denbora gutxiagoan egitea, alegia. Parte hartzaileak banaka irteten dira lau kilometroko (+800 metro) ibilbidea osatzera. Buetraitzeko II. Kilometro Bertikalean garaipen argia lortu ostean, sasoi betean dagoen Iban Murua elgoibartarrak sekulako igoera egin zuen eta 30 minutu eta 44 segundoan geratu zuen kronoa, iaz Aitor Osak ezarri zuen probako errekorra (30:39) baino bost segundo gehiago, alegia. Muruak eginiko denbora jakinda hasi zuen igoera Oier Ariznabarreta durangarrak eta erreferentziak baliatuz Muruak ezarritako partzialak ondu zituen bata bestearen atzetik. Karakateko eta Azkarateko igoerak irabazitakoa den Ariznabarretak 30 minutu eta 14 segundoko denbora ezarri zuen Larrun mendiko tontorrean zegoen helmugan, Muruaren eta Osaren denborak txikituz. (ikus sailkapenak -PDF-)
•Bi elgoibartar 35 minuturen azpitik
Oraindaino ez dira asko Defi De La Rhuneko proba trenak baino denbora gutxiagoan, hau da, 35 minuturen azpitik egitea lortu dutenak. 2011n proba antolatzen hasi zirenetik 21 mendi lasterkarik lortu dute balentria, eta horien artean elgoibartarrak dira bi: Iñigo Lariz eta Iban Murua. Larizek 33:10eko denboran egin zuen igoera 2015ean. Murua, berriz, sailkapeneko hirugarren postuan ageri da, joan den zapatuan eginiko denborari (30:44) esker.
•Bigarren postua eta lidergoa Lendinezentzat
Emakumezkoen artean Adelaide Pantheon izan zen azkarrena, 38:20ko denborarekin, iaz berak ezarri zuen probako errekorra 46 segundoan onduz. Ainhoa Lendinez sailkatu zen bigarren postuan, 41:19ko denborarekin. Denboren sailkapen historikoan hirugarrena da Elgoibarko antxitxikariak eginikoa. Gainera, Pantheonek euskal lizentziarik ez duenez, ez du Euskal Herriko Lasterketa Bertikalen Kopan parte hartzen. Hortaz, bigarren postuari esker Lendinez da sailkapen horretako liderra emakumezkoetan. Kilometro bertikalen Euskadiko Kopako hurrengo bi probak Zegaman (maiatzak 20) eta Azpeitian (maiatzak 29) jokatuko dira.