Don Jabugo Ensanche Erroibide taldeak 14 puntuko aldea eraman zuen Elgoibartik zapatuan, Viento Sur taldeari 51-65 irabazi eta gero Lehen Probintzial Mailara igotzeko kanporaketan. Irundarrek urruneko jaurtiketetan erakutsi zuten abilezia izan zen gakoetako bat. Egin zituzten puntu guztien %37 hiruko marratik atzera eginiko jaurtiketei esker iritsi ziren. Guztira zortzi hiruko saskiratu zituzten. Horrez gain, jaurtiketa libreen marratik ere efikazia handia (%73) lortu zuten. Bisitarien artean Eneko Gonzalez (21 puntu) eta Josu Torres (18 puntu) izan ziren saskiratzaile nagusiak. Elgoibartarrei dagokionez, ez ziren fin ibili jaurtiketetan eta irundarrek partida hasieran lortu zuten errentari buelta eman ezinda ibili ziren partida guztian. Lau laurdenetan nagusitu ziren bisitariak: 10-16; 13-19; 16-17 eta 12-13.
Viento Surreko kideek azaldu dutenez, itzulerako partidarako defentsa “estutu” eta Erroibideko jaurtilariak hobeto zaindu beharko dituzte. Bederatzi jokalarirekin jokatuko dute itzulerako partida, bi jokalari min hartuta baitaude. 14 puntu baino gehiagoko aldeaz irabaztea erronka handia izango bada ere ez dute itxaropenik galdu. Gainera, han irabazteko gai direla erakutsi dute denboraldi honetan bertan.