CAF-Elhuyar sarietako bat Antton Alberdirentzat

Barren.eus 2016ko mai. 11a, 18:05

Gaur arratsaldean banatu dituzte CAF-Elhuyar sariak Tabakaleran. Antton Alberdi elgoibartarrak egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria eskuratu du, Non hegoa, han zangoa: saguzar belarrihandi alpetarren arrastoari jarraika izeneko lanagatik.

Antton Alberdi Estibaritzek (Elgoibar, 1987) EHUn Biologia ikasi ondoren, saguzar belarrihandi alpetarraren ekologiaaren eta eboluzioaren inguruan egin zuen tesia, 2014an. Gaur egun, Danimarkan dihardu antzinako DNA erabiliz glaziazio osteko Europako saguzarren ekologiaren bereraiketa egiten, eta animaliak inguruneko aldaketetara egokitzean hesteetako mikroorganismoek duten eragina ikertzen.
Alberdik galdera sorta bat planteatu zuen tesi hasieran: “Zergatik dago saguzar hau, gainerako guztiak ez bezala, goi-mendiei lotua? Non gordetzen ote da animalia hori? Non ehizatzen ote du? Zer tenperatura jasan ote ditzake? Zer jaten ote du?”. Galdera horiei erantzun zien tesian eta dibulgazio artikuluan ikerketaren emaitzen berri eman du. CAF-Elhuyar sarietako epaimahaiaren iritziz, alderdi teknikoenak ere erraz azaldu ditu; gainera, erabili dituen irudiak oso lagungarriak eta aproposak dira epaimahaiaren arabera.
Alberdik 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura jaso du egindako sari banaketan, Tabakaleran. Antton Alberdiz gain, Xabier Artaetxebarria (Donostia, 1982) eta Edu Larzaguren (Eibar, 1969) izan dira beste bi sarituak. Lehenengoak dibulgazio artikulu onenaren saria jaso zuen; bigarrenak, berriz, zientzia-kazetaritzaren saria. Bestalde, Enrique Hurtadori (Soodupe, 1973) sorkuntza beka eman zioten.

antton alberdi caf elhuyar saritua saguzaharra elgoibar

caf elhuyar saritua antton alberdi elgoibar markel olano