Morkaikoren Eguna egingo dute zapatuan, seigarren urtez

Barren.eus 2016ko mai. 12a, 08:34

Morkaikoren Eguna antolatu du Morkaiko mendi taldeak maiatzaren 14rako, seigarren urtez jarraian. Aurreko urteetan moduan, Elgoibarko Mendi Itzuliak, itzulitxoak eta Finalista Eguna batera egingo dituzte. 

Elgoibarko mendi itzulia nagusientzako itzulia da. 38 kilometro ditu ibilbideak, eta partaideek 2.000 metro inguruko desnibel positiboa gainditu beharko dute. Irteera 6:00etan izango da Kalegoen plazatik. Haurrentzako, berriz, itzulitxoa prestatu dute. Morkaiko mendira (520m) igo, Aiastian indarrak berreskuratu eta Elgoibarrera jaitsiko dira berriro ume eta gurasoak. 9:00etan izango da irteera Kalegoen plazatik, eta 10:00etan Idotorbetik. Azkenik, finalista eguneko domina banaketa ekitaldia 13:30ean egingo dute Kalegoen plazan. Gero Kalegoen plazan bazkaltzeko aukera egongo da.  

Morkaiko Egunean parte hartzeko izena eman behar da. Oraindik izena eman ez duzuenok morkaiko@morkaiko.eus helbidera idatzi dezakezue. Morkaikoko bazkideek 8 euro ordaindu beharko dituzte, eta 12 euro bazkide ez direnek. Zapatuan bertan ere egongo da izena emateko aukera, baina 8 beharrean, 13 euro ordaindu beharko dituzte bazkideek, eta 17 euro bazkide ez direnek.

•Ia 600 lagun iaz

Iaz, 230 lagunek egin zuten Elgoibarko Mendi itzulia, eta itzulitxoan aldiz, 220 umek eta 180 nagusik hartu zuten parte (ikus argazkiak). Finalista Egunean, berriz, 151 gaztetxok jaso zituzten dominak urtean zehar igotako mendiengatik.

Morkaikoren Eguneko argazkiak eta bideoak

Mendi Itzuliko argazkiak eta bideoak

Julen Ansolak eta Eukene Gilek 2015eko Morkaikoren Egunean jasotako irudiekin eginiko bideoa: