Sanloko gizonezkoen talde nagusiak, Alcorta Forging Group taldeak, denboraldiko azken partida jokatu zuen aurreko zapatuan Olaizaga kiroldegian. Elgoibartarrek 33-29 irabazi zioten Romo taldeari. Emaitza horrekin maila galdu zuen Romok eta Alcortak, aldiz, seigarren postuan amaitu du 1. Nazional Mailako liga txapelketa. 18 partida irabazi, bi berdindu eta hamar galdu dituzte Gojko Vucinicek entrenatutako jokalariek (ikus sailkapena). Azken partida berezia izan zen taldeko hiru lagunentzat, Sanlon urte mordoa egin eta gero taldea eta eskubaloia lagatzea erabaki dute-eta. Hala, Mikel Izeta taldeko ordezkariak eta Gorka Garate eta Asier Cordon “Kapi” jokalariek omenaldi txikia jaso zuten partidaren amaieran. Taldekideek esker ona adierazi zieten Zuen izaera guretzat eredu. Urte zoragarri hauengatik eskerrik asko!, zioen pankarta batekin. (omenaldiko argazkiak gehiago)
•Sanloko kadeteak Espainiako txapelketan
Sanloko bi taldek Espainiako txapelketaren bigarren fasean hartuko dute parte maiatzaren 20tik 22ra bitartean. Kadete mutilen Deca taldeak Avilesen (Asturias, Espainia) jokatuko du eta kadete nesken Pneumax taldeak, berriz, Kataluniaraino joan beharko du, Sabadellera, hain zuzen ere.
Deca taldeak Salesianos Santo Angel (Asturias), Academia BM Alcobendas (Madrid) eta Seis Do Nadal Coia (Galizia) taldeen aurka jokatuko du.
Pneumax taldeak, berriz, Hadbol Sant Quirze (Katalunia), Puig d´En Valls (Balear Uharteak) eta BM Algiros (Valentzia) izango ditu aurkari. Informazio osoagoa: sanlo.net