Aurten ez da egon Plazatik Gaztetxera txapelketako saiorik Elgoibarko eta Mendaroko gaztetxeetan, baina Mendaroko bertsolari batek finalerako sailkatzea lortu du. Hau izan du gainera bere lehen plaza, eta urduri samar ekin bazion ere saio politak eskaini ditu bertsoa gazteengana eta gazteak bertsolaritzara hurbiltzeko helburuarekin antolatzen duten sariketan.
Markina-Xemeinen jokatu zen XV.Plazatik Gaztetxera sariketaren bigarren eta azken finalaurrekoa, joan den maiatzaren 7an. Lau bertso bikotek hartu zuten parte: Aratz Igartzabal “Potto” eta Asier Galarza “Muxi”, Eli Pagola eta Iñigo Zubiaurre “Beitxi”, Imanol Lekunberri “Txilin” eta Eñaut Martikorena, eta Aitor Salegi eta Antton Aizpurua.
"Leku askotatik hurbildutako 50 bertsozalek afaldu zuten Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean. Afalostean, saioa ikustera hurbildu zirenekin gaztetxea beteta zegoen" azaldu dute antolatzaileek. "Agur bizien ostean argi geratu zen publikoa bero zegoela. Gaueko lehen ariketan saio bikaina egin zuten Imanolek eta Asierrek inguruko bi gazte baserritarren paperean. 8ko txikian ere ale ederrak izan ziren oso bizi eta azkar abestu zutelarik. Asmakizunen jolasean nahaste ederra izan zuten, publikoaren laguntza eskertu zutelarik zenbait unetan. Jokoa luzatu egin zen azkenerako. Librean egindako kopla saioetan bizitasuna berreskuratu zuten eta azken ariketan, bikoteko batek bertsoa osatu behar zuen bere bikoteak errimak puntu erdietan ematen zizkion bitartean eta oso bertso dotoreak atera ziren. Ariketa honetan Antton eta Aitor oso ondo moldatu ziren beste batzuek elkarlan arazoak izan zituztelarik."
Publikoaren botoak bildu bitartean, "Eñautek sekulako segidilla eskaini zuen bere bertso kideei adarra joaz eta gaztetxeko giroa are gehiago berotuaz. Eli ere tentatu zuen Eñautek kanturako eta baita animatu ere".
Publikoak eta aditu taldeak bikote irabazle bera aukeratu zuten: Eli Pagola eta Iñigo Zubiaurre”Beitxi”. Ondorioz, aditu taldeak bigarren sailkatu moduan Aitor Salegi eta Antton Aranburu bikotea aukeratu zuen. bi bertso-bikote horiek lortu dute finalerako txartela. Beraiekin izango dira kantuan Gemma Urteaga eta Maider Arregi, eta Manex Astigarraga eta Maddi Sarasua.
Finala maiatzaren 21ean jokatuko da Mutrikun, Plazatik Gaztetxera Egunean. (iturria: bertsoa.eus)
∞Lotura duten albisteak:
-
Berrikuntzak 2015eko Plazatik Gaztetxera sariketan (bertsoa.eus)